Albisteak
Egoera txarrean dagoen Endaia kaleko arketa bihar goizean, apirilak 8, konponduko dute. Horregatik, kalea itxita egongo da 8:30etik 15:00etara eta, herrira sartzeko, Hondartza-Txanka bidea erabili beharko da. Barkatu eragozpenak.
Korrikak 10 kilometro egingo ditu Orion, Xuai gainetik Aginagako Mapileraino. Ostiral honetan, apirilak 8, iritsiko da Korrika Xuai gainera, goizeko 05:00ak inguruan, eta han hartuko diete oriotarrek lekukoa zarauztarrei. Herriko talde eta elkarte hauek eramango dute lekukoa Orioko ibilbidean:
Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina abiatu dute elkarlanean, herritarrak errenta-aitorpena euskaraz egitera animatzeko. Apirilaren 4tik 30era bitartean da aurtengo errenta-kanpaina Gipuzkoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egiten du helburu horrekin eta «Ogasunarekin euskaraz» leloa gehitu die aurtengo kanpainaren euskarri guztiei.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu Ogasunarekin euskaraz egitera. Oso erraza da:
Orioko bidegorri-sarea osatzeko, Hondartzako bidearen zatia falta da, autopistako eta Bikamiotako biribilguneen artekoa, eta lanak bihar, apirilak 6, abiatuko dituzte. Lehen asteotan oinarrizko zereginekin hasiko dira, eta ez dute ia eragozpenik sortuko. Apirilaren 25etik aurrera, berriz, trafikoari eta oinezkoen pasaerari eragingo dieten aldaketak izango dira.
Ahalduntze Eskolak arraun-surf ikastaroa antolatu du, udaberriko programazioaren barruan, emakumeon ahalduntzea, saretzea eta ikusgarritasuna indartzeko. Asteazkenetan elkartuko dira Arraunetxen, eta Cyara Palenzuela surflaria izango dute irakasle. Matrikula 25 eurokoa da.
Korrikaren 22. edizioa Amurriotik abiatu zen joan zen ostegunean, martxoak 31, eta Donostiako helmugara bidean, apirilaren 8ko goizaldean pasatuko da Oriotik. Horren aurretik, ostegunean, Korrika Txikia egingo dute herriko bi eskoletako haur, guraso eta irakasleek.
Carlos Rodriguez-Sierra oriotarrak zahartzaro aktiboa bultzatzera datorren Trak.Silver programa garatu du, eta asteazkenean, apirilak 6, egingo du horren jendaurreko aurkezpena Salatxon. 18:45ean izango da hitzordua, eta programan parte hartzeko interesa duten herritar guztiei egin die bertaratzeko gonbita.
Datorren maiatzaren 13an, ostiralarekin, Benito Lertxundiren kantaldi berezia izango da Karela kiroldegian, 22:00etan hasita. Sarrerak eskuragai daude online zein kultur etxean.
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten ostiralean, apirilak 1, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren harira. Ekimena dinamizatzeko eskualdean kontratatu dituzten hiru pertsonen berri eman zuten aurkezpenean: Orio eta Aiaren kasuan, Miriam Garcia izango da arduraduna. Getaria eta Zumaiakoa, Peru Tolosa izango da, eta Zarauzkoa, berriz, Eder Iturralde.
SOS Arrazakeria elkartearekin elkarlanean, arropa-bilketa kanpaina jarri zuen martxan abenduan herritar-talde batek. Horrekin batera, migranteek bizi duten egoera ezagutzera emateko, bi saio programatu zituzten, pandemiagatik atzeratu behar izan zituztenak. Orduan egin gabe geratu ziren saio horiek aste honetan programatu dituzte kultur etxean, apirilaren 5ean eta 7an, astearte eta ostegunarekin.
Orioko Udalak, martxoaren 31n egindako udalbatzarrean, «Orioko euskara-plana 2022-2032» dokumentua onartu zuen, besteak beste. Dokumentuak markatzen du zer egingo duen Udalak euskararen arloan datozen hamar urteotan eta aho batez onartu zuen udalbatzarrak. Guztira, 89 jarduera biltzen ditu, 11 arlo hauetan banatuta: transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, kirola, kulturgintza, corpus-plangintza, hedabideak/IKTak eta sentsibilizazioa.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren aginduz, natur-inguruneetan eta espazio irekietan garatzen diren jarduerak bertan behera geratuko dira larunbat goizean, apirilak 2, 14:00ak arte. Alerta laranja indarrean da elurte arriskuengatik, eta Udalak ere arretaz jokatzeko deia egin die herritarrei.