Albisteak
Maiatzaren 14ko Balearen Eguneko kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Udalak aurten aurrenekoz. Bi talde bereizi ditu, 18 urtez azpiko gaztetxoena eta adin horretatik gorako helduen taldea, eta apirilaren 8an bukatu zen lanak aurkezteko epea.
Bilkura udalbatzarraren aretoan egingo da, udaletxean. 18:30ean hasiko da, eta gai hauek aztertuko dira:
Herriko kirol-elkarteei zuzenduta, urteko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Apirilaren 20an kaleratu zuen deialdia, eta 2022ko maiatzaren 11 arte izango da eskaerak aurkezteko epea.
Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sortaren hirugarren saioa egingo dute bihar, apirilak 27, Arraunetxen, 19:00etan hasita. Lourdes Odriozola historialaria eta Jesus Mari Perona gaian aditua izango dira hizlariak, eta herriko ontzigintza izango dute mintzagai, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera izenburupean.
Datorren maiatzaren 14an, larunbatarekin, Balearen Eguna ospatuko da herrian. Aurtengoa berezia izango da eta, egitaraua prestatzeko, bi bilera ireki deitu ditu orain arte Udaleko Kultura sailak. Bihar, apirilaren 26an, hirugarren saioa egingo dute 19:30ean kultur etxean, eta herriko eragile eta elkarteei egin diete deialdia, denen artean, eguneko programa ixteko. Gonbidatuta zaudete!
Apirilaren 6an hasi zituzten autopistako eta Bikamiotako biribilguneen arteko bidegorria egiteko lanak. Oinarrizko zereginetan ibili dira lehen bi asteotan, eta gaur, apirilak 25, ekingo diete lan mardulenei.
Zaharren Babeslekuaren urteko jarduna bermatzeko hitzarmena sinatu dute goizean elkartearen presidente Txomin Iribarrek eta Orioko alkate Anuska Esnalek. Udalak, hitzarmena sinatzerakoan, azpimarratu du Zaharren Babeslekuak egiten duen lana erretirodunen eta pentsionisten arteko harremanak sustatzeko eta haien beharretara egokitutako giroa sortzeko.
Asteburuan neska gazte talde batek bizitako gertakariaren berri izan du Udalak eta dagokion prozedura abiarazi du.
Hau ez da beldurra sortzen duten mezuak zabaltzeko unea, baizik-eta elkarrekin saretzekoa, herri izatekoa. Beraz, jokatu arduraz zabaltzen dituzuen mezuekin.
Edozein behar edo zalantzaren aurrean, jarri harremanetan udaltzaingoarekin edo Ahalduntze Eskolarekin.
Udalaren lehentasuna da indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde jardutea, eta horretan ari gara.
Orioko itsas ondarean sakontzeko bisita gidatuek jarraipena izango dute Aste Santuan, apirilaren 14an, 16an eta 17an saio bana programatu baitu turismo-bulegoak. 11:00etan Pilliku plazatik aterako dira, turismo-bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Osteguneko eta igandeko bisitak euskaraz izango dira, eta larunbatekoa gaztelaniaz.
Datorren osteguna, apirilak 14, jaieguna da, eta ez da ostegunetako ohiko azokarik izango. Honenbestez, hurrengo azoka-eguna hilaren 21ean izango da.
Herriko trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzeko asmoarekin, Aparkalekuen Ordenantza berria landu du Udalak azken hiletan, herriko eragileekin elkarlanean. Martxoko udalbatzarrean onartu zuten behin-betiko dokumentua, eta ekainaren 1ean jarriko da indarrean. Orio eta Aiako herritarrek etxean jasoko dute egun hauetan horren berri ematen duen eskuorria.
Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sortaren bigarren saioa martxoaren 30ean egin zuten Arraunetxen. Iosu Etxezarraga Historian doktoreak XVI. mendeko gizarte-egitura izan zuen aztergai, Oriotarrak Pizkunde garaian: XVI. mendeko euskal kostaldeko gizartearen ikuspegi bat izenburupean. Garaiko testuingurua azaltzeaz gain, arreta berezia jarri zuen genero-rolen inguruan.