Udalak gogorarazten du baimendu gabeko ibilgailuek galarazita dutela Itxaspeko bidean ibiltzea

Segurtasunagatik hartu zuen erabakia Udalak, bidea oso estua delako eta ibilgailuen zirkulazio libreak arriskua sortzen duelako, bai oinez dabiltzan herritarrentzat eta baita gidarientzat ere. Alde batetik, bidearen estutasunak arazoak sortzen ditu hainbat puntutan bi ibilgailu gurutzatzeko eta, bestetik, oinezkoek asko erabiltzen duten bidea denez, arrisku-egoerak sortzen dira ibilgailuek eta oinezkoek topo egiten dutenean, bihurguneetan-eta.

«Urola Kosta: itsas-lurra» kanpaina turistikoa abiatu du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkarteak turismoa erakartzeko sustapen-kanpaina abiatu du, «Urola Kosta: Itsas-lurra» lelopean. Kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoa nabarmentzen du, bisitariak erakartzeko eta COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Eskualdeko turismo-enpresak, ostatuak, merkataritza eta ostalaritza sektoreak indartu nahi ditu, horrela.

«Urola Kosta: itsas lurra» kanpainak helmuga turistiko jasangarri gisa kokatu nahi du eskualdea. Lourdes Salsamendi presidenteak adierazi duenez, «Gure eskualdeak eskaintza aberatsa du, askotarikoa. Urte osoan gozatzeko lurraldea da gurea. Kilometro gutxian ditu mendi ibilbideak eta hondartza, kirola eta aisia, gastronomia eta paisaia… Gure identitatea, gure bizitzeko era, gure ondarea. Bereziak izango dira datozen hilabeteak; baita Urola Kostan ere. Ziur naiz esperientzia ahaztezinak biziko ditugula guztiok bertan; guk zein bisitariok. Seguru, baina gozatuz, gure altxorrekin bat eginez».

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek irekita segituko dute udan

Organikoaren eta errefusaren edukiontziek udan ere irekita segitzea erabaki du Urola Kostako Udal Elkarteak; alegia, ez da txartelik beharko irekitzeko. Lourdes Salsamendi Udal Elkarteko presidenteak adierazi du ezin garela lasaitu COVID-19aren aurrean eta eutsi egin behar diegula segurtasun-neurriei: «Hori dela eta, errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekita egongo dira udan ere, herritarrei hondakinak gaika botatzea errazteko».

Udal Elkarteak dei egiten die herritarrei edukiontziak behar bezala erabiltzeko, hondakin bakoitza behar bezala sailkatuz: «Hondakinak behar den bezala sailkatzen jarraitu behar dugu: frakzioak bereizita, bakoitza dagokion edukiontzian. Erabat debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoan uztea. Hondakin-guneak maiz ari gara desinfektatzen» nabarmendu du presidenteak. 

Tabernetako terrazak lehengoratu behar direla gogorarazi du Udalak

Udalak gogorarazi nahi die terraza daukaten tabernetako jabeei lehengo neurrietara ekarri behar dituztela beren terrazak.

Deskonfinamenduaren hasieran, tabernak irekitzen hasi zirenean, Udalak aukera eman zien tabernariei terrazak handitzeko, mahaiak aparteago jarri eta bezero gehiago hartu ahal izateko. Momentuko egoerari erantzuteko neurri bat izan zen, ostalariei laguntza emateko pandemiak eragindako egoera zailean, ostalaritzako establezimenduen jarduera oso mugatuta zegoen-eta hasieran.

Udalak isunak jarriko dizkie txakurrak lotu gabe daramatzatenei eta txakurren gorotzak jasotzen ez dituztenei

Udalak 2012an onartu zuen udal-ordenantza bat, animaliak edukitzea eta babestea arautzeko. Ordenantza horretan zehazten da, besteak beste, txakurrek lotuta joan behar dutela beti kalean eta jabeek obligazioa dutela beren txakurren gorotzak lurretik jasotzeko. Gero, 2016an, Udalak aldaketa bat egin zion ordenantzari eta txakurrak libre, lotu gabe, ibiltzeko aukera zabaldu zuen, betiere toki eta ordu jakin batzuetan:

  • Diketik Ortzaika artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Anbulatoriotik hondartza artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Hondartzan, neguan 18:30etik 10:00etara; eta Aste Santutik urriaren 1a arte ordutegi honetan bakarrik: 21:00etatik 06:00etara.

OLATURA-UP! egitasmoa: Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko negozioen mapa osatu du, tokiko kontsumoa bultzatzeko

Ekainean abiatu zen OLATURA-UP! egitasmoa; eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikien negozioak ezagutarazi, eta tokiko kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresa Sustapeneko Zerbitzuen bitartez garatu da ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Bi helburu nagusi ditu programak:

  • Teknologia berrien “olatura igotzeko” baliabideak eskaini nahi zaizkie eskualdeko ekintzaile eta enpresariei; ikusgaitasuna areagotu eta beren jarduna ezagutarazi dezaten.
  • Eskualdeko negozioen mapa digitala osatuko da; eskualdeko herritarrek gertuko eta bertako kontsumoaren alde egin dezaten.

Orioko ikasle gazteak errefortzu-eskolak jasotzen ari dira uztailean, euskara-maila indartzeko

Udaleko Euskara batzordeak antolatuta, errefortzu-eskolak jarri dira abian aurten ere, ikasle etorriberrien euskara-maila hobetzeko.

Hamaikagarren urtea da Udalak errefortzu-eskola hauek antolatzen dituela udan, eta ikastetxeek ondo baloratzen dute zerbitzua. Aurten, gainera, konfinamenduak areagotu egin du errefortzu-eskola hauen premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan. Hori dela eta, Udalak ahalegin handiagoa egin du eta inoiz baino gazte gehiagori ematen ari zaio zerbitzua: iaz bi taldek jaso zituzten errefortzu-eskolak, eta aurten, berriz, bost talde dabiltza: 45 gazte, guztira (iaz, esaterako, 16 ziren).

Do re ni elkarteak bi bilera egingo ditu ostegunean, martxan jarriko duen ikerketa zertan den azaltzeko

Do re ni elkarteak bi bilera antolatu ditu Salatxo aretoan uztailaren 9an, ostegunarekin: bat 18:00etan eta bestea 19:00etan. Salatxo aretoaren aforoa txikiagoa da gaur egun, osasun-krisiak sortutako egoeragatik eta horregatik egingo dira bi bilera: aforoa kontrolatu ahal izateko. Bileran parte hartzeko, kultur etxera deitu behar da (943 134 409) eta bertan adierazi bakoitzak zein saiotara joan nahi duen.

Xabier Lizaso musikari oriotarrak zuzentzen duen Do re ni elkarteak ikerketa zientifiko bat egin nahi du, musikak zahartze aktiboan daukan edo eduki dezakeen eragina modu fidagarrian neurtzeko. Egitasmoa iaztik dator, baina aldaketa batzuk izan ditu —COVID-19ak sortutako egoeragatik, besteak beste— eta aldaketa horiek azaldu nahi dizkie elkarteak izena eman zuten boluntarioei.

Herriko dendak suspertzeko erosketa-bonuen kanpaina hilabetez luzatu du Udalak

Udalak hilabete batez luzatu du ekainaren hasieran martxan jarritako erosketa-bonuen kanpaina.

Bonuak erosita dauzkatenek eta orain erosten dituztenek uztailaren 31 arte erabili ahal izango dituzte ondoko establezimendu hauetan:

Udalak aktibatu egin du Iturbide kaleko semaforoa, autoak Goiko Kaletik barrena ez ibiltzeko

Herriko sarrera-irteera guztiak Txanka-hondartzako bidetik barrena egin behar dira aste honetan, Txistulari eta Kaia kaleak asfaltatzeko lanak direla eta.

Autoak Goiko Kaletik barrena ibili ez daitezen, Udalak aktibatu egin du Iturbide kalearen hasieran dagoen semaforoa eta gorriz egongo da egun hauetan. Ibilgailu baimenduak bakarrik pasatuko dira hortik eta, beraz, baimenik gabe pasatzen diren ibilgailuek isuna jasoko dute.

Udalak itxi egingo du Oribarzarko hondartza, segurtasuna bermatu ezin delako

Oribarzarko hondartza ixtea erabaki du Orioko Udalak datorren asteburu honetan hasi eta uda bukatu arte, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Oribarzarko hondartzan ez dago sorosle-zerbitzurik eta ez bainatzea aholkatzen da, lohia dagoelako ur azpian eta, askotan, batez ere marea behean, uraren kalitatea txarra izaten delako.

Herriko sarrera-irteerak Txanka-hondartzako bidetik izango dira uztailaren 6tik 10era

Plaza inguruko obrak direla eta, herriko sarrera itxita egongo da datorren astean, astelehenetik ostiralera, errepidea asfaltatzeko lanak egiteko.

Asfaltatuko diren kaleak hauek dira: Txistulari kalea (gaur egun herriko sarrera dena), Kaia kalea (zubi azpitik hasi eta Arostegi tailerreraino) eta Xixario erretegirainoko zatia. Asfaltatze-lanek irauten duten bitartean, kale horiek itxita izango dira eta, beraz, herrira sartzeko eta herritik ateratzeko bide bakarra izango da: Txanka-hondartzakoa.