elhuyar itzaultzaile automatikoaren logoa Itzulpen
automatikoa:
ES FR EN CA GL

Plaza oinezkoen gune dela adierazten duten seinaleak jarri ditu Udalak

Plazaren sarrera nagusietan seinale berriak jarri ditu Udalak, inguru hori oinezkoen gune dela adierazten dutenak.

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, plazan galarazita dago bizikleta gainean edo patinetean zirkulatzea. Bizikletatik jaitsi eta eskuan hartu behar da, oinezkoen gunea zeharkatzeko, eta gauza bera egin behar dute patinetean doazenek.

Iazko etenaldiaren ondoren, aurten berriz martxan jarri da «Kosta Gastronomika» ekimena

«Kosta Gastronomika» ekimenaren barruan 12 esperientzia gastronomiko eskainiko zaizkie aurten Urola Kosta eskualdeko herritarrei eta bisitariei.

«Kosta Gastronomika» ekimena gure eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da. Eskualdeak enbaxadore nagusi bat du, PARRILLA, eta herri bakoitzak berea: Getariak txakolina, Oriok bisigua, Zarautzek merkatua, Aiak gazta eta Zumaiak Flyscheko olagarroa.

Hondartzako pasealekuko argi batzuk hondatu egin dira

Antilla hondartzako pasealekua erdi ilunpetan egongo da egunotan. Izan ere, ura sartu da argien instalazioan, eta ondorioz, luminaria batzuk hondatu egin dira. Udala lanean ari da arazoa lehenbailehen konpontzeko. Halere, herritarrei adierazi nahi die lanak behar bezala egiteko denbora beharko duela.

Zozketa publiko bidez banatu dira herri-baratzetako 44 partzela

Herri-baratzeak adjudikatzeko prozedura azken txanpan dago. Udalak aste honetan zozketa publiko bidez banatu ditu herri-baratzetako 44 partzela. Alde batetik, gaur egungo bost erabiltzaileen artean 60 m2ko bost zozketatu dira. Bestalde, 39 partzela esleitu dira beste 95 eskatzaileren artean. Zozketa udalbatzar aretoan egin zen astelehenean, uztailaren 26an. Lotura honetan dira emaitzak. 

Uztailaren 31n Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa pasatuko da Oriotik eta aldaketak eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan

Uztailaren 31n, larunbatarekin, izango da Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan, Orion.

Bi lasterketa dira, emakumeena eta gizasemeena, eta biak pasatuko dira Oriotik egunean zehar.

  • Emakumeen lasterketa 09:50 inguruan iritsiko da Oriora, Donostiatik. Hortik Xuai gainera egingo du eta, Aia eta Santiago auzotik barrena, Oriotik pasatuko da berriz 10:20 inguruan.
  • Gizasemeen lasterketa, berriz, 12:15 inguruan iritsiko da Oriora, Donostiatik eta, ondoren, Zarautz aldera joango da, Xuai gainetik barrena.

Indartu egin da hondartzako hondakin bilketa sistema

 

Hondartzako alboetako bi sarreretan hondakinak biltzeko guneak indartu egin dira. Udalak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio bi gune horietan edukiontzi gehiago jartzeko, ikusita joan-etorri handiko egunetan azkar egiten zutela gainezka.

Euskara-maila indartzeko eskolak hartzen ari dira uztailean herriko bi eskoletako haurrak

Udalaren ekimenez eta AEKren laguntzaz, euskara errefortzu-eskolak ematen ari dira euskaltegian uztailean.

4 taldetan banatuta, astean hiruna saio egiten dituzte: batzuk oinarrizko komunikaziorako tresnak eskuratzen; besteak, beren maila indartzen… guztiek, musikaren eta jolasen laguntzaz, euskal kulturaren erreferentziak barneratzen.

Gogotsu dabiltza lanean Orioko gazteak. Animo eta segi horrela!

HAZILAN programari buruzko informazio-saioa egingo da uztailaren 29an

Irailean abiatuko da HAZILAN proiektuaren 12. edizioa eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. HAZILAN programa 20-44 urte bitartean dauzkaten eta goi mailako ikasketak dituzten pertsonei zuzenduta dago eta lana lortzera bideratuta dago.

Urola Kostako Udal Elkarteak programari buruzko informazio-saio bat antolatu du, egitasmoaren xehetasunak emateko:

Astelehen eguerdian egingo da herri-baratzeak adjudikatzeko zozketa

Interesatuei gogorarazten zaie Orioko herri-baratzeak adjudikatzeko zozketa datorren astelehenean egingo dela, uztailaren 26an.

Zozketa udaletxean egingo da, udalbatzarraren aretoan, 12:00etan hasita.

Egintza publikoa denez, edozein herritarrek dauka aukera bertaratzeko.

Dagoeneko zabaldu dira Orion «Ongi etorri euskararen herrira!» kanpainaren euskarriak

Kanpotik bisitariak datozenean, denoi gustatzen zaigu gure leku maiteenak eta altxor preziatuak erakustea, daukagun onena konpartitzea. Orio herri euskalduna da, eta bisitari ugari jasotzen ditu, batez ere uda partean eta, horrexegatik, Orioko Udalak «Ongi etorri euskararen herrira!» kanpaina martxan jarri du, Urola Kosta mankomunitatearekin elkarlanean. Kanpainak eskaintza turistikoaren erdigunean jartzen du euskara, gure kultur ondareari balioa emanez.

Berriro erabilgarri dago Bizkarreneko etxearen atzeko lurpeko hondakin-gunea

Herriko Plazan eta ingurutan egindako obren ondorioz, denbora luzez, Bizkarreneko etxearen atzeko lurpeko edukiontziak ez dira egon erabilgarri. Behin obrak bukatuta, Udalak erabilgarri jarri ditu ostera, gaurtik hasita.

Ondorioz, Arostegineko tailerraren ondoan behin-behinekoz jarri ziren edukiontziak erretiratu egin ditu Udalak eta, aurrerantzean, inguruko bizilagunek Bordatxo tabernaren atzeko gunera bota behar dituzte beren hondakinak, lehengo txartel magnetiko berak erabilita.

Bizikletak lotzeko gune berria jarri du Udalak, Bizkarreneko etxearen atzean

Udala Herriko Plazaren inguruan egiten ari den aldaketaren barruan, bizikletak lotzeko gune berria jarri du, Bizkarreneko etxean, Bordatxo tabernaren atzealdean. Guztira, 20 bat bizikleta lotzeko aukera ematen du gune berriak.

Udaletxe atzeko bizikleta-gunea beteta egoten da askotan eta horregatik erabaki du Udalak beste gune bat jartzea, herritarrei erraztasunak emateko eta bizikletaren erabilera bultzatzeko.