Albisteak
Udalak bi panel digital jarri ditu herrian, herritarrei eta bisitariei Orioko albisteen, oharren, agendaren eta bestelako edukien berri emateko. Herriko Plazan kokatu da bat, eta hondartzan bestea, eta informazio praktikoa eskaintzea dute helburu.
Ikasturteari amaiera emateko eta Orioko bi ikastetxeetako ikasleei instrumentuak erakusteko, Danbolin Musika Eskolako ikasleek kontzertu pedagogiko bana eskaini dute zentro bakoitzean. Ekainaren 6an, astelehenarekin, izan ziren Zaragueta Herri Eskolan, eta astelehen honetan, hilak 13, Orioko Herri Ikastolan.
Munton komun autogarbitzaile bat jartzeko lanak aste honetan hasi dituzte, eta bi astez luzatuko dira. Udalaren aurreikuspenen arabera, uztaileko lehen astean iritsiko da komun prefabrikatua, eta udarako martxan egongo da. Abaromendin, Dikean eta tren-geltokian daudenen tankerakoa izango da komuna.
Anuska Esnal Orioko alkateak eta Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola Ahalduntze Eskolako arduradunek agerraldia egin dute gaur, ekainak 15, udaletxean, maiatzeko udalbatzarrean onartu zen Emakume eta gizonen berdintasunerako II. plana aurkezteko. Txostenak 2022-2025 aldirako estrategiak eta proposamenak jasotzen ditu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna helburu. Pertzetik talde feministak 2019an egin zuen egoeraren diagnosia eta, geroztik, Udalak bide bat abiatu du berdintasun-politikak diseinatu eta ezartzeko eta diagnosiak erakutsi zuen egoerari erantzuteko.
Gaur, ekainak 15, irekiko da hondartza-denboraldia Orion, Gipuzkoako kostaldeko gainerako herrietan bezala. Irailaren 15a arte iraungo du.
Apirilaren 6an hasi zituzten autopistako eta Bikamiotako biribilguneen arteko bidegorria egiteko lanak eta, ordutik, trafikoari eta oinezkoei eragin dieten murrizketak izan dira Hondartza bidean. Aste honetan, ezkerreko espaloia irekiko da oinezkoentzat eta eskuinekoan hasiko dituzte obrak, eta horrek beste zenbait aldaketa eragingo ditu.
2022-2023 ikasturtean matrikulatzeko epea zabalduko du Danbolin Musika Eskolak datorren astelehenean, ekainak 20. Hiru epetan banatuko da izen-ematea.
Herriko berdintasun-politiketan eragingo duen Emakumeen Mahaia osatzeko deialdia egin du Ahalduntze Eskolak. Ekainaren 15ean, asteazkenarekin, bilera irekia egingo dute 18:00etan kultur etxean, eta zeregin horretan parte hartzeko interesa duten norbanakoei eta taldeei egin diete parte hartzeko deia.
Castellers de Vilafranca taldeak emanaldia eskainiko du ekainaren 19an Herriko Plazan, 11:30etik aurrera. Ekitaldian gogora ekarriko dute castellerrek 2018ko uztailaren 14an Orion egin zuten bederatzi pisuko giza dorrea, Euskal Herrian egindako lehena izan baitzen. Udaletxeko horman balentria hura gogoratzeko plaka jarriko dute.
Zaharen Babeslekuak antolatutako asteazkeneroko bingoak ostegunetara igaroko dira aste honetan eta datorrenean. Kultur etxean izango dira, beti bezala, baina 16:00etatik 18:00etara (ohi baino ordu erdi lehenago). Aste honetako saioa ekainaren 9an izango da, eta datorren astekoa 16an, ostegunak biak.
Udaberriko programaren hondarretan, Karmen Mendieta margolari donostiarraren Itsasoari begira erakusketa izango da ikusgai kultur etxean ekainaren 13tik 24ra. Itsasoarekin zerikusia duten elementuak bildu ditu Mendietak, akuarela teknika erabiliz, 25 lan inguru. Areto nagusian izango dira, eta sarrera doakoa da.
Ekainaren 13tik 16ra, astelehenetik ostegunera, 2021-2022 ikasturtea agurtzeko kontzertuak emango dituzte Danbolin Musika Eskolako instrumentu- eta dantza-ikasleek. Urte osoan ikasitakoa erakutsiko diete lagun eta senideei kultur etxeko emanaldietan, eta ostegunean, hilak 16, dantza-ekitaldiarekin itxiko dute programa Herriko Plazan, 17:00etan.