Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Orioko Udalak

Urtero bezala, Orioko Udala eta UEMA kanpaina egiten ari dira elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egin dezaten bultzatzeko.

Kontuan hartuta herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela gaur egun, horri eman nahi izan dio aurten garrantzia UEMAk. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esanez gero, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak zuk besterik erabaki arte. Bide hori bultzatu nahi du UEMAk.

Aurtengo errenta aitorpenaren kanpaina apiriletik ekainera bitartekoa izango da.

Urtez urte gehiago

Herritar gero eta gehiagok egiten du errenta-aitorpena euskaraz; baina, oraindik ere, askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Udalaren asmoa da urtez urte datu horiek hobetzen joatea. Iazko kanpainan, esaterako, herritarren %24,92k egin zuen aitorpena euskaraz, azken urteotako daturik onena.

2009

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 308 (%11).

2010

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 399 (%13,98).

2011

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 429 (%14,68).

2012

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 474 (%16,40).

2013

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 570 (%19,28)

2014

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 650 (%21,75)

2015

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 715 (%23,98)

2016

Orion euskaraz egindako aitorpenak: 752 (%24,92)

NOLA EGIN AITORPENA EUSKARAZ?

Errenta aitorpena egiteko hiru modu daude eta guztietan erabili daiteke euskara:

1. Mekanizatua

Hitzordua hartzerakoan, adieraz ezazu Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.

Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu. Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu.

2. Autolikidazio proposamena

Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.

3. Internet bidezkoa

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, propio adierazi beharko diozu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.

Oharra: Beste moduren batean egitean baduzu (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska dezakezu.

 

errentaazalpenak18

 

Berrikuntza-tresnak lantzeko ikastaroa antolatu du Urola Kostako Udal Ekarteak

Ikastaroa 215 ordutakoa izango da eta, ondoren, eskualdeko enpresek aukera izango dute diru-laguntza bat jasotzeko, ikastaro hori egin duen pertsona bat kontratatzen badute.

Ikastaroan edozein enpresa edo organizaziotan berrikuntza lantzeko beharrezko diren konpetentziak, ezagupenak eta tresnak landuko dira. Ikastaroa egiten dutenek bonoa eskuratuko dute eta persona hori kontratatzen duen enpresak, gero, diru-laguntza lortu ahal izango du.

Prestakuntza-programa

Urola Kostako Udal Elkarteak prestakuntza programa jarri du martxan bigarren aldiz, langabeak kontratatzeko diru-laguntzarekin lotura duena. Prestakuntza-programa egiten duten pertsonek bono bat eskuratzeko aukera izango dute eta pertsona hori kontratatzen duen enpresak langabeak kontratatzeko diru-laguntza eskuratzeko aukera izango du.

Berrikuntzan ikastaro aurreratua

Gaur egun enpresetako hautaketa prozesuetan gero eta gehiago baloratzen da berrikuntzarako ezinbestekoak diren konpetentzia, jarrera eta ezagutza zehatzak edukitzea, ohiko esperientzia eta prestakuntzaz gain, hala nola: erabaki azkarrak ematea, enpatia, ikaskuntza kolaboratiboa, sare sozialak, hizkuntza digitala ulertzea, proiektuen kudeaketa, sarean lan egiten jakitea, bilerak digitalki egitea... Konpetentzia, tresna eta ezagupen horiek bereizten dute talentua gaur egun. Ikastaro honetan konpetentzia eta ezagupen horiek landuko ditugu.

6 modulu nagusi ditu ikastaroak:

  • Eraldaketa digitala-IKT 2.0
  • Zaintza teknologikoa
  • Marka pertsonala
  • Proiektuen eta denboraren kudeaketa
  • Kudeaketa aurreratua
  • Sormena eta ideiak kudeatzeko tresnak

Noiz eta non

Iraupena: 215 ordu

Egutegia: apirilaren 23tik ekainaren 22ra, astelehenetik ostiralera

Ordutegia: 9:00-14:00

Lekua: Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza (Urdaneta bidea 6, Abendaño industrialdea, Zarautz)

Baldintzak

  • Goi mailako ikasketak edukitzea edo goi mailako Lanbide Heziketako titulua izatea
  • Eskualdean erroldatua egotea (Aia, Getaria, Orio, Zarautz, Zumaia)
  • Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan alta egoeran egotea eta langabezia egoeran egotea
  • Internet eta programa informatikoen ezagutza nahikoak izatea

Informazioa eta izen-ematea

Izena emateko eskabidea aurkeztu behar da Urola Kostako Udal Elkartean edo emailez bidali ondoko helbidera: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

  • NAN fotokopia
  • Ikasketa titulua
  • Errolda-agiria
  • Lan bizitza (Gizarte Segurantza)
  • Curriculum Vitaea

Izena emateko epea apirilaren 19an amaituko da.

Informazio gehiago

Urola Kostako Udal Elkartea
Olaia Sainz (teknikaria)
Tel. 943 890808
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

 

 

Kale-izenen plakak aldatuko ditu Udalak

Kale-izenen plaka berriak ari da jartzen Udala egun hauetan. Lehenbizi zutabeetan muntatuta dauden plakak jarriko ditu eta, ondoren, etxeetako fatxadetakoak. Alde zaharrekoak izan ezik, herriko kale guztietako plakak berrituko dira (alde zaharreko plakak berriagoak dira, orain dela urte gutxi aldatu ziren-eta).

Plaka berriak jartzeko arrazoiak hiru izan dira:

  • Herria handitzearekin batera kale berriak sortu dira eta kale horietako batzuk errotulatu gabe zeuden oraindik.
  • Azken urteotan etxe askotako fatxadak berritu dira eta, horren ondorioz, plaka batzuk desagertu egin dira.
  • Lehengo plaka zaharrak oso ajatuta eta itsusituta zeuden.

Udal brigada hasita dago plaka berriak jartzen dagoeneko. Plaka berrien kostua 4.411 eurokoa izan da.

Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia

Euskal Herriko Txirrindularien Itzulia

 

Datorren astelehenean 2018ko apirilaren 2an Euskal Herriko Txirrindularien Itzuliari Zarautzen emango saio hasiera eta Oriotik  hiru aldiz pasako denez hemen dituzue errepidearen trafiko mozketari buruz informazioa,

 

El lunes 2 de abril comenzara en Zarautz la Vuelta Ciclista del Pais Vasco y como pasara 3 veces por Orio informamos de los horarios aproximados de los cortes de carretera.

Urola Kosta eskualdearen gastronomia ezagutzera emateko jarduerak izango dira Aste Santuan hasita

Kosta Gastronomika izeneko turismo-eskaintzaren barruan antolatuko dira bisitarientzat eta bertakoentzat, gure produktu onenak ezagutzera emateko: parrillako arrain eta haragiak, txakolina, bisigua, azokak, gazta, olagarroa…

Esperientzia gastronomikoak eta bisita libreak

Kosta Gastronomika ekimenak gure produktuak eskaintzen ditu eta, horrez gain, esperientzia gastronomiko ahaztezinak bizitzeko aukera ematen die kanpoko bisitariei nahiz bertako jendeari. Eskualdeko herri bakoitzaren espezialitate gastronomikoak ezagutaraztea da ekimenaren helburua eta, horretarako, esperientzia gastronomikoak eta bisitak antolatzen ditu herriz herri, Orion, Aian, Zarautzen, Getarian eta Zumaian.

‘Bisigua Orio estilora!’ esperientzia gastronomikoa Orion

Esperientzia honek aukera ematen du ikasteko nola prestatzen den bisigua Orio estilora, herriko erretegietako sukaldarien eskutik. Izena ematen dutenek bertatik bertara jakingo dute zein den errezeta honen historia, nola prestatzen den eta gainerako jakingarri guztiak. Bisigua probatzeko aukera ere izango da, jakina, txakolinarekin lagunduta.

Noiz: Jarduera hau ostiraletan izango da, apirilaren 1etik aurrera, 13:00etatik 14:00etara.

Prezioa: 35€ pertsonako.

Informazioa eta erreserbak: Orioko Turismo Bulegoan (943 835565), egin behar da erreserba, aldez aurretik.

Gaztari buruzko bisita libreak Aian

Aiak baldintza eta ezaugarri onenak ditu kalitaterik oneneko gaztak egiteko, behi, ahuntz nahiz ardi esnearekin. Bisita honen bidez aukera izango duzue Aiako gaztak ezagutu eta probatzeko bertatik bertara, lehen eskutik, artzainarekin eta gaztagilearekin.

Bisitak aldez aurretik erreserbatu behar dira, honako telefonoetara deituta: 943 830 804 edo 656 773 368 ( Orortegi Gaztak). Bisitak larunbatetan izaten dira, 12:00etatik aurrera.

Aian gazta erosteko, gaztagileengana jo daiteke zuzenean: Lokate gaztak 633191219, Orortegi gaztak 943830804 / 656773368, Agerre-Buru gaztak 943834201 / 607189442 eta Maintzelai gaztak 943835617 / 619742539.

Horrez gain, Eroski kooperatibaren barruan txoko bat dago, bertako produktu gastronomikoak erosteko: Sartalde Kalea, 1 (Eroski kooperatibaren barruan). AIA

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera:  8:30-13:30 eta 16:00-20:30. Larunbata: 9:00-13:30 eta 17:00-20:30. Igandea: 9-13:30.

‘Txakolinaren txinparta’ esperientzia gastronomikoa Getarian

Getariako hainbat upelategiren ateak zabalik dituzu, upelategia eta mahastiak ikusi eta beren eguneroko jarduna ezagutzeko. Bisita berezia eta gertukoa. Eta, nola ez, dastatzeko pintxoak eta txakolina.

Ostiral eta larunbatetan (igandeetan maiatzetik aurrera). 11:30etik 13:00etara. Prezioa: 15€ pertsonako. Informazioa eta erreserbak: Getariako Turismo Bulegoa 943 140 957. Aurrez erreserba egin behar da.

‘Flyscheko olagarroa’ esperientzia gastronomikoa Zumaian

Zatoz eta egin ibilaldia Geoparkeko itsaslabar eta bidezidorretan eta ezagutu flyscheko olagarroa harrapatzeko antzinako era eta sukaldatzeko modua. Esperientzia ikusgarri hau amaitzeko, dastatu pintxo bat eta txakolin freskoa.

Informazioa eta erreserbak: www.geoparkea.com / Zumaiako Turismo Bulegoa -Tel. 943 143 396. Aurrez erreserba egin behar da. Ordutegia: 11:00-12:30. Prezioa: 15€ pertsonako.

Merkatuari bisita Zarautzen

Gomendagarria da Zarauzko eguneroko merkatua bisitatzea: bertako produktu bikainak, garaian garaikoak: okela, arraina, kontserbak, gazta… Gozamen hutsa.
Bisita librea urte osoan zehar egiten da, merkatuaren ordutegian (igande eta jaiegunetan itxita). Astelehenetik ostiralera: 08:00-13:15 eta 17:00-20:15. Larunbatetan: 08:00-14:00.  Helbidea: Kale Nagusia 27/ Zigordia 13

 

Zaragueta eskolak bazkari batekin emango die bukaera 40. urteurreneko ekitaldiei

Zaragueta eskola orain dela 40 urte hasi zen klaseak euskaraz ematen eta, urteurren hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu ikasturtean zehar.

Ekitaldi-programa horri bukaera emateko, herri-bazkaria antolatu du eskolan bertan apirilaren 21ean, larunbatarekin.

Bazkaria eta festa

Bazkaria Zaragueta eskolako pilotalekuan egingo da eta menua hau izango da: babarrunak sakramentu guztiekin eta postrea (gazta eta irasagarra). Edateko, sagardoa egongo da barrikatik.

Bazkaria festa-giroan egiteko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiek girotuko dute eguna: bai bazkalaurreko kantu-poteoaren bidez (11:30ean, herritik eskolara), eta bai bazkalosteko kantu festaren bidez.

Bazkaritarako txartelak astelehenean, martxoak 26, jarriko dira salgai 7 eurotan. Txartela erosteko lekuak hauek dira: Zaragueta Herri Eskola, kultur etxea, Uranga burdindegia eta Kolon Txiki taberna. Txartela erosteko azken eguna apirilaren 16a izango da.

Eskola-komunitate osoari gonbita

40. urteurreneko batzordeak antolatu du bazkaria eta bertara gonbidatu nahi ditu azken berrogei urteotan eskola-komunitatearen parte izan diren ikasle, guraso, irakasle, langile eta laguntzaileak.

Komunikazio-teknikari bat hartuko du Udal Elkarteak

Urola Kostako Udal Elkarteak hautaketa-prozesu bat abiatu du, komunikazio-teknikari baten lanpostua betetzeko.

Lanpostua bitarteko funtzionarioaren izendapenaren bidez beteko da eta 12 hilabeteko iraupena izango du.

Komunikazio-teknikaria Udal Elkarteko Euskara eta Komunikazio Zerbitzuan kokatuko da eta sail horretako arduradunaren agindu eta esanetara lan egingo du. Lanpostuaren eginkizun nagusia Urola Kostako Udal Elkartearen komunikazio-plana gauzatzea izango da eta, horrekin batera, komunikazio ekintzak egitea Udal Elkarteko sail eta zerbitzuekin lankidetzan.

Eskatutako baldintzak

Honako ikasketa tituluaren jabe izatea edo eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea: Informazio eta Komunikazio Zientzietako unibertsitate-gradua.

Euskararen laugarren hizkuntza eskakizunaren ziurtagiriaren (edo C2 mailaren baliokide den beste ziurtagiriren baten) jabe izatea.

Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea amaituko da apirilaren 11n. Eskabideak Udal Elkartearen sarrera erregistroan aurkeztu behar dira (Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz).

Albistea webgunean

http://www.urolakosta.eus/eu/-/komunikazio-teknikariaren-lanpostua-betetzeko-hautaketa-prozesua-deitu-du-udal-elkarteak

Oinarriak webgunean

http://www.urolakosta.eus/eu/-/komunikazio-teknikaria

 

Diru-laguntzak emango ditu Udal Elkarteak, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza-egitasmoak sustatzeko

Urola Kostako Udal Elkarteak diru-laguntza deialdia egin du, ekintzailetasuna, enplegua, inbertsioak eta lankidetza-egitasmoak sustatzeko. 305.000 euro emango dira diru-laguntzatan. Diruz lagunduko dira 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra burututako jarduerak.

2018ko deialdia eta oinarriak Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak martxoaren 15ean onartu zituen eta laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Lau diru-laguntza lerro

Hona hemen deialdiaren lau diru-laguntza lerroen ezaugarriak, laburbilduta:

1. Jarduera ekonomikoak sortzeko diru-laguntzak (70.000 euro gorde dira lerro honetarako): enpresak sortzeko diru-laguntzak dira. Diru-laguntzaren oinarria 1.000 eurokoa izango da. Kopuru hori handitu egingo da, sustatzailearen eta jardueraren proiektuaren ezaugarrien arabera.

2. Enpleguaren sustapena (115.000 euro gorde dira lerro honetarako): langabeak kontratatzeko diru-laguntzak dira. Bi programa ditu diru-laguntza lerro honek: Prestakuntza Bonoaren programa eta Kontratazioa+Jarraipena programa. Kontratuak 6 hilabetekoa izan behar du gutxienez (lanaldi erdikoa edo lanaldi osokoa). Kontratu mugagabeek diru-laguntza handiagoa jasoko dute. Diru-laguntza izango da 3.000 eurokoa eta kontratua mugagabea baldin bada 7.500,00 eurokoa.

3. Inbertsioetarako diru-laguntzak (90.000 euro gorde dira lerro honetarako): Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira enpresaren jarduerarekin zerikusia duten inbertsioetarako. Inbertsioak 2018an egina eta gutxienez 3.000 eurokoa izan behar du. Diru-laguntzaren kopurua izango da, gehienez ere, inbertsioaren %30; betiere, gehienez, 2.000 euro.

4. Lankidetza egitasmoak garatzeko diru-laguntzak (30.000,00 euro gorde dira lerro honetarako): Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak emango dira eskualdeko hezkuntza zentroek eta enpresek lankidetzan garatutako proiektuetarako. Diru-laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %40 eta, gehienez ere, 3.000 eurokoa. Bazkide/partaide guztiak eskualdekoak baldin badira, diru-laguntzaren zenbatekoa izango da, gehienez ere, onartutako proiektuaren %80 eta, gehienez ere, 7.000,00 eurokoa.

2017ko deialdiaren datuak

2017ko diru-laguntza deialdian guztira 132 eskabide aurkeztu dira eta horietatik 111 eskabidek diru-laguntza jaso dute. Orotara, 205.620,97€ eman dira diru-laguntzatan, honela banatuta: enpresa berriak sortzeko 46 diru-laguntza eman dira (56.700€), langabeak kontratatzeko 2 diru-laguntza (15.000€), inbertsioetarako 58 diru-laguntza (104.160,08€) eta lankidetza egitasmoak garatzeko 5 diru-laguntza (29.760,89€).

Deialdia eta oinarriak

Deialdia, oinarriak eta eskabidea egiteko eredua eskura daude Udal Elkartearen webgunean. Gipuzkoako Aldizkari ofizialean laster argitaratuko dira.

Udal Elkartearen webgunea:

http://www.urolakosta.eus/eu/diru-laguntzak

Argibideak

Argibideak jasotzeko jarri durekin harremanetan:

  • Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak
  • Tel. 943 890808
  • Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.