Ikastetxeek elkarretaratzea egingo dute Orion martxoaren 7an, emakume eta gizonen parekotasuna aldarrikatzeko

Martxoaren 7an, 11:30ean

11:30ean egingo da elkarretaratzea. Herriko Plazan bilduko dira ikasle, irakasle eta gurasoak eta, ondoren, eskolako eta ikastolako DBH4ko bi gaztek agiri bat irakurriko dute udaletxeko balkoitik, emakume eta gizonen parekotasunaren alde. Segidan, gaiari buruzko bertsoak kantatuko dituzte plazan bildutako guztiek.

Hamar ikasmailetako ikasle guztiek parte hartuko dute jende-katean: guztira, 700etik gora haur eta gaztetxok.

Parekotasunaren mezua zabaldu

Zarauzko Berritzeguneak bultzatuta, Orio eta Zarauzko ikastetxeek eta udalek elkarrekin antolatu dute ekitaldia.

Ekimenaren helburu nagusia parekotasunaren aldeko mezua zabaltzea da. Gaur egun asko aurreratu da gure gizartean emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunaren ikuspuntutik; baina oraindik bide luzea geratzen da egiteko eta, bide horretan aurreratzen segitzeko, ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta kalera ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dute ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeek.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko bi ikastetxeetako haurrek parekotasunaren gaia lantzen ari dira gelan egun hauetan eta, besteak beste, kolore moreko kartelak prestatu dituzte horren aldeko mezuekin. Egun hauetan kartel horiek herriko denda eta tabernetan banatzen aritu dira, jendearen bistan jartzea eskatuz.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie bi ikastetxeei, gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik.

elkarretaratzea19