«Biziberritze Planak eskaintzen digun gidalerroari jarraiki, herria bere izaerarekin eta sustraiekin konektatzeko lanean ari gara Udalean azken urteetan eta, zalantzarik gabe, ondare immaterial horren barruan kokatzen da gastronomia», azaldu du Esnalek. Errioaren bidez, itsasoari lotuta bizi izan da Orio, eta itsasoak ogibide asko eman dizkie oriotarrei, tartean, arrantzari lotutakoak. Bada, Bisiguaren Festaren bidez, omenaldia egin nahi zaie arrantzale izan diren eta diren guztiei, eta, orokorrean, arrantzari lotutako lanbideei.

«Bisiguaren Festaren izaera integratzailea bultzatzen ari gara, gero eta eragile gehiagok parte hartu dezaten, eta pozgarria da aurten festa honetan parrillero gehiago ikustea, bereziki, gazteak. Belaunaldien arteko erreleboa bermatuta dagoen seinale», nabarmendu du. Parrilleroen artean beteranoenetakoa da Zendoia, eta haien ordezkari gisa hartu du hitza agerraldian. «Orioko bisigua berezia da, arraina prestatzeko beste modu bat dugulako. Ez da ez hobea, ezta okerragoa ere, ezberdina baizik. Eta ni, aukeran, gurearekin geratzen naiz».

Hamahirugarren ekitaldiak, gainera, izango du berezitasun garrantzitsu bat: Herriko Plaza oinezkoentzako eraldatu zutenetik lehen edizioa izango da. 2019an bezalaxe, aurten ere hiru egunetara mugatuko da egitaraua, eta lau otordu emango dira guztira: ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Bakoitzean 200 pertsona inguruk jango du.

Hau izango da menua:

  • Lodosako zainzuriak
  • Tomate eta hegaluze-entsalada
  • Bakailao-kokotxak saltsa berdean
  • Bisigua, parrillan erreta
  • Postrea
  • Kafea eta edaria

Otordutarako txartelak

Txartelak uztailaren 5ean jarriko dira salgai turismo-bulegoan, San Pedro jaien ondoren. 60 euroko prezioa izango dute, eta lehen egun horretan, oriotarrek soilik erosi ahal izango dituzte. Uztailaren 6tik aurrera, ordea, kanpotarrei ere emango zaie erosteko aukera.

Pertsona bakoitzak, gehienez, mahai bat erreserbatu ahal izango du, hau da, 10 lagunentzako lekua (estuago jarrita, 11 pertsona ere sar daitezke mahai bakoitzean).

Aurten, dena den, aldaketa garrantzitsu bat izango da: sarrerak erosteko unean bertan ordaindu beharko dira, txartelarekin edo eskudirutan. Telefono bidez erreserba egiteko aukera izango da (turismo-bulegoa: 943 83 55 65), baina ordaindu izanaren ziurtagiria erakutsi beharko da erreserba egin eta 24 orduko epean, erreserba konfirmatzeko. Kontuan izan behar da, gainera, egun horretan jende asko espero dela turismo-bulegoan, eta bertaratzen direnek izango dutela lehentasuna. Alegia, baliteke bulegoko arduradunak telefonoari erantzuteko aukerarik ez izatea.

Omendua

Bisiguaren Festaren inaugurazioan, omenaldia egiten zaio urtero herritarren bati, eta aurten Jesus Mari Perona omentzea erabaki du Udalak, Oriorentzat horren garrantzitsua den itsas ondarea suspertzeko eta gordetzeko egindako lanagatik. «Maketagile artisaua da Perona, eta Oria ibaian mendeetan egin diren ontziak eraiki ditu, zorroztasun handiz», azaldu du Olidenek. Bere lanari esker aurkitu eta jaso ahal izan dira, besteak beste, Mutiozabal ontziolako plano originalak, eta Elkanoren munduko bira oroitzeko Albaola Itsas Kultur Faktoriak eraiki duen patatxea osatzeko ere, ezinbestekoa izan dira Peronaren planoen bilduma. Izan ere, garai hartako ontzien planoen bildumarik handienetakoa aurkitu zuen eta, horri esker, guztion eskura daude gaur egun.

Programa

Olidenek aditzera eman duenez, «aste itsastarra» izango da uztailaren 11tik 17ra artekoa, astelehenetik aurrera, Elkanoren munduko bira oroituko duen ‘patatxea’ itsasontzia ere moilan izango baita ikusgai.
Otorduez gain, beste hainbat jarduera ere egingo dira hiru egunetan. Hau izango da programa:

Uztailak 15, ostirala

  • 17:00-19:00 Haurrentzako tailerrak, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren eskutik. Mutiozabal ontziolan.
  • 20:00. Aurkezpen-ekitaldia, Herriko Plazan. Salatxo abesbatzak, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza-taldeak hartuko dute parte. Parrilleroek plaza inauguratuko dute eta aitortza egingo zaio Jesus Mari Perona omenduari.
  • 20:00. Petritegi sagardoaren dastaketa, Herriko Plazan.
  • 21:00. Afariak, Herriko Plazan.

Uztailak 16, larunbata

  • 12:00. Petritegi sagardoaren dastaketa, Herriko Plazan.
  • 12:00. Marmitakoa, Herriko Plazan. Razioak 3€an salgai.
  • 14:00. Bazkariak, Herriko Plazan.
  • 20:00. Petritegi sagardoaren dastaketa, Herriko Plazan.
  • 21:00. Afariak, Herriko Plazan.

Uztailak 17, igandea

  • 12:00. Bisigu-lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean, Herriko Plazan.
  • 12:00. Petritegi sagardoaren dastaketa, Herriko Plazan.
  • 12:00. Hegaluzea parrillan, Eusko Labelen laguntzarekin, Herriko Plazan. Razioak 3€an salgai.
  • 14:00. Bazkariak, Herriko Plazan.

Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Sailaren, Hazi fundazioaren eta Eusko Labelen babesa du.