Aste hasieran, astelehenean eta asteartean, Zaragueta Herri Eskolako 20 bat ikasle aritu ziren ontziolan, eta asteazkenean eta ostegunean, berriz, Orioko Herri Ikastolako beste horrenbeste. Albaolak prestatutako belaontzien tailerra egin dute, eta gauza asko ikasi dituzte: ontzien zatiak zein diren eta nola izendatzen diren, eraikuntzaren faseak, egur motak, pieza eta lan-tresnen izenak, korapiloak nola egin… 

Unitate didaktikoa

Orioko Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Albaola arduratuko da aurrerantzean Mutiozabal ontziolaren kudeaketaz. Datorren ikasturtean jarriko dute martxan Euskal Herriko ikastetxeei zuzendutako proiektua eta, lehen urtean, ala bat eraikiko dute, faseka. Alak oso erabiliak izan dira gure inguru hauetan, bereziki garraio-lanak egiteko, azpia zapal-zapala dute-eta.

Ikastetxeetan Albaolak prestatuko dituen unitate didaktikoak landuko dituzte aurrena eta, ondoren, bisita egingo dute ontziolara eta han, in situ ikusi ahal izango dute nola erakitzen den ala. Alaren piezak Albaolak prestatuko ditu aldez aurretik eta ontziolan pieza horien muntaketa egingo dute haurrek, Albaolako begiraleen laguntzarekin.

Aste honetako proba pilotuan parte hartu duten herriko ikasleak oso gustura aritu dira, eta saioak oso baliagarriak izan dira Albaolarentzat, metodologia fintzeko eta datorren ikasturteko plangintza prestatzeko.