«Aurrez ere egin dira diagnosiak eta planak, baina ez dute izan nahikoa konpromiso ekintzara igarotzeko. Horregatik, Emakundek emandako dirulaguntzak baliatuta eta Ahalduntze Eskola indartzen jarraitzeko konpromisoari eutsiz, datozen 4 urteetan lortu nahi ditugun emaitza estrategikoetan zentratutako proposamena aurkeztu dugu, etorkizuneko Etxe Morea jomugan dugula», adierazi du Esnalek.

Prozesua

2021eko azaroan aurkeztu zuen Ahalduntze Eskolak Orioko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako II. diagnosia, Kalakaren aholkularitza teknikoaren eskutik. Hura oinarri hartuta, 2022ko urtarriletik martxora garatu dute plana. Lehen urratsa talde sustatzailea osatzea izan zen, orain arte ez baita gisako egiturarik egon Udalean. Hamahiru lagun dira talde sustatzaile horretan: alkatea; euskara-, hezkuntza-, hirigintza- eta ingurumen-zinegotzia; PSE-EEko zinegotzia; hezkuntza- eta euskara-teknikaria; gizarte-zerbitzuetako bi teknikari; udaltzainburua; langileen kudeaketa saileko arduraduna; Ahalduntze Eskolako arduradunak; merkataritza-, ostalaritza- eta turismo-teknikaria; kirol- eta gazteria-teknikaria; eta kultura-teknikaria.

Diagnostikoak erakutsitako ahulgune eta arrakalen azterketa egin zuen talde sustatzaileak, eta arlokako helburuen eta neurrien zirriborroa landu, lan-esparru bakoitzari lotuta. Emakunderen ekarpenak jaso ostean, zirriborroa kontrastatu eta sistematizatu zuten eta, azkenik, maiatzean onartu zuen Berdintasun Plana udalbatzarrak.

Helburuak eta esku-hartzeko ardatzak

Goiburuk azaldu duenez, «Emakunderen VII. Berdintasun planaren helburu eta esku-hartze ardatzen baitan antolatu ditugu ekintza-planeko zereginak. Zehaztutako neurriak, aldiz, herriko II. Berdintasunerako diagnostikoan agertu ziren emaitzen arabera hautatu ditugu». Detektatutako ahulguneei aurre egiteko finkatu dira, beraz, planeko neurri eta ekintzak, eta lau helburu nagusi zehaztu dituzte: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta gizarte-antolakuntzaren eraldaketa, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza. Horien baitan, 23 helburu zehatz eta 93 ekintza jaso dituzte.

Helburu zehatzen artean, zortzi nabarmendu dituzte Ahalduntze Eskolako ordezkariek; esaterako, plana bera exekutatzea eta horren jarraipena egitea —aurrekoan bezala ez gertatzeko— eta berdintasun-organoak sortu eta koordinatzea, lanketak etenik izan ez dezan. «Udalak berdintasunarekin hartutako konpromisoa herrian ikusaraztea funtsezkoa da, herritarrek ere harekin bat egin dezaten eta guztiok elkarrekin urratsak egin ditzagun», nabarmendu dute. Emakumeak ahalduntzeko ahaleginean, Etxe Morea sortzeko parte-hartze prozesua abian jartzea aurreikusi dute, eta Ahalduntze Eskolaren gaur egungo eskaintza handitu eta zabaltzea, herriko emakumeen topagune-izaera indartu dezan.

«Egitura sozioekonomikoei lotuta, ordaindu gabeko zaintza-lanak ikusaraztea eta horien balioa aitortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta ikastetxeekin eta aisialdiko elkarteekin hezkidetza-plan bateratua sortuko dugu, heziketa parekidea bermatzeko», gaineratu dute. Azkenik, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lantzeko eta indarkeria matxistaren inguruko prestakuntza eskaintzeko helburua dute datozen lau urteetarako.

Kudeaketa eta jarraipena

Helburu horiek guztiek aurrera eramateko, kudeaketa-lanean egingo dute ahalegina, eta zazpi talde sortuko dituzte. Horien artean bi oinarrizkoak izango dira: Berdintasun Batzordea eta Emakumeen Mahaia. «Lehena plana bera osatzeko garatu genuen, teknikariak eta politikariak gaude bertan, eta modu jarraian ari gara lanean. Bigarrena, aldiz, herriko emakume-taldeetako eta talde feministetako ordezkariek, herriko emakume eragileek, Udaleko Gizarte arloko arduradunak eta Ahalduntze Eskolako arduradunek osatuko dugu, eta gaur arratsaldeko 18:00etan egingo dugu lehen bilera irekia, Salatxo aretoan». Interesa duten herritar guztiei egin diete bileran parte hartzeko gonbita.

Emakume eta gizonen berdintasunerako II. plana eskuragai da hemen.