Korrika Txikia

Korrika Txikia 15:00etan hasiko da Hondartza inguruan eta, herrian barrena ibilbide bat egin ondoren, Anibarko Portuan bukatuko da. Pandemiak eragindako neurriak tarteko, ohi baino ibilbide luzeagoa egingo dute, eta Goiko Kaletik ere igaroko dira.

Ekitaldia Zaragueta eskolak eta Herri Ikastolak antolatu dute, Korrika Kulturalaren barruan, eta trafikoan hainbat aldaketa eragingo ditu. Horregatik, ostegun arratsaldean, 15:00etatik 16:00etara, errepide-mozketak eta norabide-aldaketak izango direla iragarri dute udaltzainek.

Ostegunean, Korrika-potea, motorrak berotzeko

Ostegun iluntzean, gainera, pintxo-pote berezia egingo da herriko hainbat tabernatan, 18:30ean hasita: Korrika-potea. Taberna hauek parte hartuko dute Korrika-potean: Tragoxka, Kolon Txiki, Bordatxo, Mola Mola, Orioko Barra, Arkaitz, Zaharren Babeslekua, Mirotza eta Baraka. Herriko trikitilariek alaituko dute poteoa, kalejiran.

Korrika handia, goizaldean

Korrikak 10 kilometro egingo ditu Orion, Xuai gainetik Aginagako Mapileraino. Apirilaren 8ko goizeko 05:00ak inguruan iritsiko da Korrika Xuai gainera eta han hartuko diete oriotarrek lekukoa zarauztarrei.

Ondoren, txokolate-jana izango da Herriko Plazan Korrikan parte hartu duten herritarrentzat. Arkupe elkarteak jarriko du jeneroa eta Eusko Alkartasunaren soziedadeko boluntarioek prestatuko dute.