Gogoeta kolektiboa

Ainara Munduate euskara-zinegotziak udalbatzarrean nabarmendu zuen euskara-plana osatzeko prozesua oso zabala izan dela eta jende eta eragile askoren ekarpenak jaso dituela: «Prozesua bera oso aberatsa eta emankorra izan da: gogoeta kolektibo bat. Horrelako prozesuetan emaitza bezain garrantzitsua izaten da bidea. Elkarrekin eztabaidatuz eta proposamenak eginez, herri-izaera indartu egiten da. Prozesu hauek, batzuetan, Udalak gidatuta egiten dira eta, beste askotan, herritarrek gidatuta; biak ala biak ezinbestekoak dira eta daukaten balioa eman nahi diegu. Era batera edo bestera parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet».

Jabier Zabaleta euskara-teknikariaren ustez, «Salto bat egiteko garaia da euskara arloan. Datozen hamar urteak klabeak izango dira euskararen norabidea zehazteko, bai Euskal Herrian eta bai Orion, eta oraingo euskaltzaleoi dagokigu inertziak astintzea eta bide berriak urratzea, Txepetxek esaten zuen bezala, ‹gure iraganak etorkizuna izan dezan›. Orion abiapuntu ezin hobea dugu euskara sustatzeko politika ausartak egiteko eta horri ekin behar diogu modu kolektiboan datozen urteotan».

Erronka berriak

Euskal Herriko gainerako herrietan bezala, euskararen egoerak argi-itzalak ditu Orion ere: asko aurreratu dugu arlo batzuetan, baina bidean erronka berriak agertu zaizkigu: aldaketa demografikoen eraginari buelta ematea, garapen urbanistikoak euskararen osasunean sortutako ajeak, oriotar berrien hizkuntza-integrazioa, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa, ikastetxeen zailtasunak ikasle batzuk euskaldun aktibo bihurtzeko, erabilerari eusteko arazoak bereziki eremu informaletan, herritarren kontzientziazioan etengabe eragin beharra…

Erronka berri horiei erantzutera dator 10 urtera begirako euskara-plan berria. Hemen dago deskargatu eta irakurri nahi duenarentzat:

Orioko euskara-plana 2022-2032 (PDF)