Orioko Udalaren eta herriko emakumeen eta gizonen 2021eko errealitatea du aztergai txostenak, berdintasunaren ikuspegitik. Herriaren egungo argazkia erakusten du, eta errealitate hori eraldatzeko jarraibideak eskaintzen ditu, herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko politikak sustatzeko aurrekariak ezarriz. Diagnosiaren helburua Berdintasunerako II. Udal Plana egiteko oinarriak jartzea da, Udalak 2022an abiatuko duen prozesua diseinatzeko. «Berdintasunerako bidea prozesu gisa ulertu behar da, non, mugarriak jartzen joan behar den lau urtez behin», azaldu du Gainzak, «eta bertan ezarritako helburu eta ekintzak lau urtez burutu ondoren, diagnostiko berri bat egin beharko da errealitate berria zein den jakiteko».

Diagnosiaren oinarrian dauden figuren garrantzia nabarmendu du Esnalek: «2008an eta 2012an egin ziren diagnosiek beste jatorri bat zuten, politikoagoa, agian. 2019an, aldiz, Xaltxerak Orioko talde feminista izan zen sustatzailea; alegia, herritik bertatik sortu zen ekimena. Eta gauzak herritik, beharretik, sortzen direnean fruitu hobeak ematen dituzte». Diagnosi hark Ahalduntze Eskolaren sorrera ekarri zuen, lanabes ekonomikoa Udalak eman arren, herriaren babesa duen figura garrantzitsua. Eta horrek arrakasta bermatuko duelakoan dago Orioko alkatea.

«Berdintasun Batzorde bat sortu zuen Udalak diagnosiaren motorra izan zedin, eta orotara 121 lagunek hartu dute parte inkesta eta bilera irekietan: Udaleko politikari eta teknikariek, herritarrek eta elkarteek» azaldu du Goiburuk. Aurrera begira, lanketarekin jarraitzeko eta batzordeari indarra emateko asmoa dutela gaineratu du, berdintasunaren gaia lehentasunez lantzen jarraitzeko.

Diagnosian jasotako hainbat datu

Gainzak txostenean jasotako hainbat datu aurreratu ditu. Esaterako, Orioko biztanleriaren banaketa, sexuari dagokionez, erabat orekatua dela argitu du: % 50,50 dira gizonak (3.091 lagun) eta % 49,50 emakumeak (3.041 lagun). Aldiz, berdintasunean bizi ote garen galdetutakoan, emakumeen % 72k erantzun du ezetz; gizonen kasuan, % 57k. Genero ez bitarreko herritarrei galdetuta (lagun batek hartu du parte ikerketan), erantzuna % 100 ezezkoa da.

Egunerokoan normalizatuta dauden egoera matxistak identifikatzeko gai ote diren galdetutakoan, bestetik, emakumeen % 5ek soilik erantzun du ezetz eta, aldiz, gizonen % 17k aitortu du ez dela egoera horiek detektatzeko gai. Sexu-arrazoiengatik baztertu izan dituzten galdetutakoan, aldiz, emakumeen % 51k baietz erantzun du, eta gizonen artean, % 13k.

Diskriminazio horren erakusle diren hainbat egoera salatu dituzte emakumeek:

  • Lan-eremuan: Gizonen hitzari balio handiagoa ematea; gizonak eta emakumeak dauden lantaldeetan, gizonek gizonengana jotzea; amatasun-baimenaren ostean, lan-aukera berberak ez izatea; lan-elkarrizketetan galdera desegokiak jasotzea amatasunari eta bikotekideari lotuta…
  • Lagunartean: Gizonek gutxiesten dituztela sentitzea; kaleko jazarpen sexistak; emakume izateagatik eremu batzuetatik baztertu eta beste batzuetara bideratuak izatea; gizonek dituzten askatasun eta eskubide berberak aldarrikatzeko beharra sentitzea, modu naturalean eskaintzen ez zaizkielako...
  • Aisialdian eta kirolean: gizonek baino gehiago erakutsi beharra, objektu sexual gisa begiratua izatea, bortxaketa-saiakerak jasatea…

Eta zenbait gizonek, emakumeek zuzendutako tailer, festa zein elkarrizketatan parte hartzeko ezintasuna adierazi dute.

Herrian errotuta dauden hainbat jokaera matxista deskribatu dituzte ikerketan parte hartu duten herritarrek eta, besteak beste, taberna batzuk maskulinizatuak eta kafetegiak, oro har, feminizatuta daudela; autoritate eta lider figura maskulinoak normalizatuago daudela; emakumeak kosifikatu eta sexu-objektu moduan ikusteko eta baloratzeko joera dagoela; gizonek espazio publikoaren erabilera nabarmenagoa egiten dutela; mezu matxistak dituzten abestiak herrian errotuta daudela; eta berdintasunaren gaia banalizatu egiten dela salatu dute.

Aurrera begirako urratsak

Diagnosiaren bidez, 2022an diseinatuko duten Berdintasunerako II. Udal Planerako lehentasunezko helburuak zehaztuko dituzte eta horrek hurrengo berdintasun-diagnostikoarekin alderatzeko oinarriak jarriko ditu. Esnalek aurreratu duenez, datorren urteko udal-aurrekontuan txertatuta daude Ahalduntze Eskolaren hirugarren indartze-fasea eta diagnosiaren bigarrena, eta osteguneko udalbatzarrean onartu zain daude.