Herriko jaiak antolatzeko aurreikusita zegoen dirua kultur programa indartsu bat prestatzeko erabiliko du Udalak eta, iaz bezala, kultur ekitaldiz betetako uda izango da aurtengoa ere Orion. Aurrerago emango du Udalak horren berri.

Bisiguaren Festarik ere ez

Uztailean egin ohi den Bisiguaren Festa ere ez da izango aurten. Bisiguaren Festa eragile askoren artean antolatzen da eta horren prestaketa-lanak martxoa-apirilean hasten dira, dena ondo lotu ahal izateko. 3-4 eguneko ospakizun handia segurtasunez antolatzeko bermerik ez dagoenez, aurtengo uztailean ez da Bisiguaren Festarik izango plazan.

San Joan Berde

Harribilek baimena eskatu dio Udalari, San Joan Berde gauean antolatu ohi duen ospakizuna egiteko eta Udalak baimendu egin dio, betiere segurtasun-arau zorrotzak betetzeko baldintzarekin. Ekitaldiaren inguruko zehaztasunak lotzeko dituzte oraindik.