Elkarretaratze birtuala egingo dute eskualdeko ikastetxeek, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta

Traducción automática al castellano

Gaur eguerdian aurkeztu dute ekitaldia Udalak, Zaragueta eskolak, Herri Ikastolak eta Berritzeguneak. Zingira eskolak eta Ahalduntze Eskolak ere bat egin dute ekimenarekin, baina ezin izan dute gaurko prentsaurrekoan parte hartu. Anuska Esnal alkateak eta Nekane Azurmendi Berritzegunekoak irakurri dute prentsa-oharra guztion izenean.

Ekitaldi birtuala izango da aurtengoa

Orioko Zaragueta eskolako, Herri Ikastolako eta Zingira eskolako haur, gaztetxo eta irakasleek, eskualdeko gainontzeko ikastetxeekin batera, elkarretaratze birtuala egingo dute online azaroaren 25eko eguerdian, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta.

Eskualdeko Hezkidetza Foroak deitu du elkarretaratzea, aurreko urtetan bezala. Hezkidetza Foroak urtero antolatzen ditu hainbat ekitaldi bateratu, eskualdean hezkidetzaren eta tratu onen kultura zabaltzeko.

Aurtengo ekitaldia desberdina izango da, gainerako gauza guztiak bezala: kalean egiteko partez, modu telematikoan egingo da eta ekitaldi bakarra izango da eskualde osorako.

Azaroaren 25eko eguerdian

12:00etan egingo da elkarretaratzea. Ordu horretan konektatuko dira eskualdeko ikastetxe eta udal guztiak Berritzeguneak prestatutako gela birtualean eta ekitaldi labur bat egingo dute. Ekitaldiak aurreko urtetako eskema bera izango du: aurrena guztion artean adostu duten agiri bat irakurriko dute txandaka ikastetxeetako ikasleek, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Segidan, gaiari buruz Aner Peritz «Eguzkitze» bertsolari zarauztarrak ekitaldirako sortu dituen bertsoak kantatuko dituzte bertan bildutako guztiek.

Ondoren, eskoletako gurasoen eta herritarren artean zabaltzeko, bideo bat banatuko dute sare sozialetan, ekitaldiaren edukiak jasoko dituena.

Ekitaldi hau modu bateratuan antolatu dute Oriotik Zumaiara arteko udalek eta ikastetxeek, Zarauzko Berritzeguneak koordinatzen duen Hezkidetza Foroaren baitan. Orioko Ahalduntze Eskolak ere bat egin du ekimenarekin.

Tratu onen aldeko aldarria zabaldu

Ekimenaren helburu nagusia indarkeria matxistaren kontrako eta tratu onen aldeko mezua zabaltzea da. Indarkeria matxistak forma asko hartzen ditu eta gure gizarteak duen arazo larrienetako bat da.

Ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta ikastetxean, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaia plazara ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dute ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeek.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko ikastetxeetako haurrek gaia landu dute gelan egun hauetan, maila bakoitzari dagokion eran.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie ikastetxeei, gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik.

elkarretaratzea20

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.