Euskaraldiko txapak kultur etxean banatuko dira azaroaren 16tik 20ra

Traducción automática al castellano

Datorren ostiralean, azaroak 20, hasiko da aurtengo Euskaraldia, eta izena eman dutenek aste honetan jaso ahal izango dituzte Ahobizi eta Belarriprest txapak, kultur etxean.

Goizean, kultur etxeko atezainak banatuko ditu txapak eta arratsaldean, berriz, Orioko Euskaraldiko lantaldeko kideak arduratuko dira. Banaketa kultur etxeko areto nagusian egingo da, segurtasun-arauak beteta eta distantziak zainduta. Jende-pilaketarik ez gertatzeko, areto nagusiko bi ateak erabiliko dira: bat sartzeko eta bestea ateratzeko.

Izena eman aldez aurretik

Euskaraldiko txapa jasotzera joateko, izena eman beharra dago, aldez aurretik, Euskaraldian. Beraz, parte hartzeko asmoa dutenek hauxe egin behar dute, orain dela bi urte bezalaxe: erabaki ezazue AHOBIZI ala BELARRIPREST izango zareten, eta eman izena hemen:

https://izenematea.euskaraldia.eus/

Minutu erdi batean egiten da.

Guztiok daukagu aukera egiten dugun baino gehiago egiteko euskaraz. Hori eskatzen du EUSKARALDIAren ariketak: identifikatzea non erabili dezakegun euskara gehiago eta, hamabost egunetan, saiakera hori egitea gainerako herritarren laguntzarekin.

Izena eman eta parte hartu zuk ere!

Udaleko ariguneak

Udaleko langileek ere parte hartuko dute aurtengo Euskaraldian eta hainbat arigune osatu dituzte, bertan euskararen erabilera areagotzeko harreman formaletan nahiz informaletan. Arigune bakoitzaren erronka izango da, Euskaraldiak irauten duen 15 egunetan (azaroaren 20tik abenduaren 4ra) euskara gehiago erabiltzea guztion artean.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.