Eman izena Mintzalagun programan, euskara praktikatzeko

Traducción automática al castellano

Mintzalagun programak hizkuntza praktikatzeko aukera ematen die euskara-ikasleei eta beren maila hobetu nahi dutenei, euskaldun zaharrekin harremanetan. Talde txikitan juntatzen dira astean behin, ordu betez, honetaz eta hartaz hitz egiteko, kafe bat hartzen duten bitartean edota paseatzen duten bitartean. Baliabide ezin hobea da euskaraz gehiago eta hobeto egin nahi dutenentzat. Aldi berean, oso egitasmo interesgarria da euskaraz lagun berriak egin eta euskara ikasten ari direnei lagundu nahi dieten herritar euskaldunentzat.

Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen du Mintzalagun programa eta AEK-k bideratzen du Zumaia, Getaria, Zarautz, Aia eta Orion.

Eman izena parte hartzeko!

Euskaraz egiteko bultzadatxo bat behar baduzu edo inguruan praktikatzeko inor ez baduzu, joan Orioko euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan.

Euskaraz ondo egiten baduzu eta praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete dedikatu beharko diozu, besterik ez, eta, horretan aritu direnen esanetan, erraz eta atsegina da.

Izen-ematea

Programa guztiz doakoa da eta, izena eman nahi baduzu, hiru bide hauetako bat erabili dezakezu:

  • urolakosta@aek.eus helbidera idatzi
  • 625 485 215 telefonora deitu
  • Orioko euskaltegian galdetu

Informazio gehiago

http://mintzalagun.blogspot.com

https://www.facebook.com/mintzalagunak.gara

12 urteko ibilbide oparoa

Urola Kostan 2009an ekin zitzaion Mintzalagun Programari eta harrezkero, ibilbide emankorra izan du egitasmoak. Ekimena Urola Kostako Udal Elkartearena eta eskualdeko udalena da. Programa antolatzen eta jarraipena egiten parte hartzen dute Urola Kostako AEKk, Zarauzko Udal Euskaltegiak eta udaletako eta Udal Elkarteko euskara-zerbitzuek. Programa dinamizatzeko lanak Urola Kostako AEK-k egiten ditu.

Programaren bilakaera ona izan da eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi zen eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.

 

 

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.