Udal Elkarteak adierazi du «erantzukizunez jokatzeko garaia» dela hondakinen bilketari dagokionez

Traducción automática al castellano

Udal Elkarteko Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak oharra argitaratu berri du, koronabirusak sortutako krisi-egoerari aurre egiteko orain arte hartutako neurriak gogoraratuz eta, horrekin batera, hainbat jarraibide emanez. Guztion osasuna babesteko, herritarrei «erantzukizunez jokatzeko garaia» dela ohartarazi die eta hondakinak sailkatzerakoan hartu beharreko neurrien berri eman du.

Gaixoren bat dagoen etxeetarako jarraibideak

COVID-19z gaixotutako herritarren bat dagoen etxeetan honela jokatu behar da:

  • Debekatuta dago COVID-19z gaixotutako herritarren hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan botatzea (organikoa, ontziak, papera, kartoia, beira, arropa eta ehunkiak…). Debekatuta dago, baita ere, hondakin horiek edukiontzien inguruan lagatzea. Hondakin guztiak errefusara bota behar dira.
  • COVID-19z gaixotutako herritarrek eta haien zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak eta abar poltsa itxi batean bildu behar dira, eta, ondoren, poltsa hori beste poltsa batean sartu.
  • Poltsa bikoitz hori, etxebizitza horretako gainerako hondakin guztiekin batera, hirugarren poltsa handiago batean sartu behar da eta, ondoren, bota errefusarentzako edukiontzian.

Gainontzeko etxeetarako jarraibideak

Beti bezala, gaika sailkatu hondakinak: bota gai bakoitza dagokion edukiontzira, eta gogoratu:

  • Debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.
  • Debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea
  • Arretaz garbitu eskuak, ura eta xaboia erabilita, hondakinak jaitsi aurretik eta ondoren.
  • Eskualdeko hiru garbiguneak itxita daude.

Erantzukizunez jokatzeko deia herritarrei

Udal Elkartea etengabe ari da bilketa-zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen: bilketa-guneak indartu dira, behar den lekuetan edukiontzi gehiago jarri dira eta egokitu egin da bilketen maiztasuna. Bestalde, segurtasun araudiari jarraituz, edukiontzi-guneak maiz ari dira desinfektatzen.

Ezarritako neurriak betetzea garrantzizkoa dela esan du Udal Elkarteak, guztion segurtasuna zaintzeko eta, bereziki, hondakinak biltzeko zerbitzuko langile guztiena.

300x250px

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.