Zergei buruzko hainbat neurri hartu ditu Udalak

Traducción automática al castellano

Koronabirusaren krisiak sortu duen egoerari erantzuteko neurrien artean, Udalak hainbat erabaki hartu ditu herritarrek ordaintzen dituzten zergei dagozkienak.

Ondasun Higiezinen Zerga

Ondasun Higiezinen Zerga ordaintzeko epea atzeratu egingo du Udalak: maiatzaren 15etik ekainaren 30era kobratzeko partez, abuztuaren 1etik irailaren 15era kobratuko da.

Ibilgailuen Zirkulazioaren gaineko Zerga

Ibilgailuen Zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik zegoen Espainiako Gobernuak alarma-egoera dekretatu zuenean eta, berez, apirilaren 30ean bukatzen zen ordaintzeko epea. Epe hori luzatu egingo du Udalak:

  • Ordainketa helbideratuta dutenei maiatzaren 30ean kobratuko zaie zerga. Nolanahi ere, sortutako egoeragatik, norbaiti ezinezkoa bazaio data horretan ordaintzea, aukera izango du ordaintzeko epea ekainaren 30era arte luzatzeko, Udalari garaiz eskatuta.
  • Ordainketa helbideratu gabe dutenek, berriz, ekainaren 30era arte izango dute aukera ordainketa errekargurik gabe egiteko.

Terrazen gaineko Zerga

Bide publikoa terrazekin okupatzeko zerga ordaintzen duten taberna eta jatetxe-jabeei urrian kobratuko zaie. Egoeragatik terraza erabili ezinik egon diren denbora ez zaie kobratuko.

Gipuzkoako Urak

Gipuzkoako Urak Kontsortzioak, berriz, erabaki du erabiltzaileei aukera emango diela ordainketak zatika egiteko. Hala egin nahi duenak eskatu egin behar du. Faktura zatikatu nahi duenak, dena kolpe bakarrean ez ordaintzeko, aldez aurretik eskatu behar dio Ur Kontsortzioari, borondatez ordaintzeko epea bukatu baino lehenago.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.