«ANIZTASUNAREN KUDEAKETA UROLA KOSTAN» ekimenak segida izango du 2020an

Traducción automática al castellano

Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan: jatorri, ezagutza eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira bertan gaur egun. Aniztasun horrek aukera berriak sortzen dizkie erakundeei, eraginkorrago eta berritzaileago izateko.

Urola Kostako Udal Elkarteak uste du aniztasunaren kudeaketa eraginkorra faktore erabakigarria dela eskualdea garatzeko, ea horregatik abiatu zuen 2018an «Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan» ekimena, eskualdeko enpresa eta erakundeei bideratuta.

ELKAR-ANITZ topagunea

Orain arte, eskualdeko 6 enpresak hartu dute parte ekimenean. 2020an, gonbita egingo zaie Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa guztiei, jarduera eta tamaina edozein dela ere, ELKAR-ANITZ izeneko eskualdeko mahai iraunkorrean parte hartu dezaten. Funtsean, esperientziak konpartitzeko topagune gisa eratu da mahaia.

«Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan» egitasmoaren bidez, enpresa arduradunengan eragin nahi du Udal Elkarteak, jabetu daitezen, aniztasuna egoki kudeatuz gero, enpresei aukera berriak irekitzen zaizkiela.

Esku-hartze zuzena: diagnostikoa eta neurrirako planak

Ekimenaren azken helburua da enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea. Gaiari buruzko aholkularitza jasotzeaz gain, parte-hartzaileek aukera izango dute lehen urratsak egiten hasteko aniztasunaren alorrean:

  • Diagnostikoa enpresa eta erakundeetan: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratuko da.
  • Neurrirako plan-ereduak: Ekintza-planak definitu eta ezartzeko jarraibideak zehaztuko dira. Ekintza-plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta ezarriko da.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea
Idoia Etxarri, Eli Uzkudun
• Tel. 943 890808
enpresa@urolakosta.eus

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.