Datuen babeserako araudira egokitzeko ikastaroa antolatu du Udal Elkarteak eskualdeko enpresentzat

Traducción automática al castellano

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 EB, 2018ko maiatzaren 25etik aurrera ezarri beharrekoa), eta, ondoren, 2018ko abenduaren 5ean Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa argitaratu zirenetik, enpresa guztiek dute araudi berrira egokitzeko betebeharra.

Hori dela-eta, Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro bat antolatu du, eskualdeko enpresak lege berri horietara egokitzeko laguntza emateko.

Enpresen betebeharra

Datuak babesteko erregelamendu orokorraren arabera, langile, bezero, hornitzaile eta abarren datu pertsonalak dituzten enpresa guztiek ezinbestekoa dute, pertsonen eskubideak eta datuen segurtasuna eta pertsonen informazioa bermatzeko, araudi berriak eskatzen dituen printzipioak, neurri teknikoak eta antolakuntza arloko neurriak ezartzea.

Ikastaroaren helburua

Ikastaro honen helburua da Urola Kostako enpresei bidea erraztea indarrean jarri berri den Datuak Babesteko araudira egokitu daitezen. Horretarako, informazioa, prestakuntza eta ezarpenerako aholkularitza eskainiko zaie.

Ikastaroak taldeko prestakuntza (8h) eta 2 tutoretza saio izango ditu. Amaieran, enpresa parte-hartzaile guztiek izango dute egokituta datuak babesteko segurtasun dokumentua.

Saio teorikoen edukia

1. Sarrera. Kontzeptuak
2. Datuak Babesteko printzipioak.
3. Datuak babesteko agentzia.
4. Fitxategien tratamendua
5. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Datuak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako Lege Organikoa
6. Ekintza planaren garapena eta inplementazioa
7. Kasu praktikoak

Ikastaroa gaztelaniaz izango bada ere, dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko da eta enpresek nahi duten hizkuntzan egin ahal izango dute beren proiektua.

Egunak eta orduak

Taldeko prestakuntzako saioak uztailaren 4ean eta 11n (osteguna) izango dira, 09:30etik 13:30era (guztira 8 ordu). Ondoren enpresa parte-hartzaile bakoitzarekin ordubeteko 2 tutoretza saio egingo dira.

Ikastaroaren praktikotasuna dela-eta, parte hartu dezaketen enpresa kopurua mugatua izango da. Ikastaroa %100 diruz lagunduta dago Urola Kostako enpresentzat.

Argibideak eta izen-ematea

Prestakuntza-ikastaro honetan parte hartu nahi baduzu, bidali e-posta bat zure izen-abizenak eta enpresaren izena adieraziz, edota deitu telefonoz:

Urola Kostako Udal Elkartea, Enpresentzako Zerbitzuak (Rakel Calvo)
Urdaneta bidea 6 (Abendaño industrialdea), 20800 Zarautz
Tel. 943890808
enpresa@urolakosta.eus

 

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.