Balea-hezurrak irudikatzen dituen konposizio batekin apainduko du Udalak zubiaz bestaldeko errotonda

Traducción automática al castellano

Errotondak, era horretara, omenaldia egingo dio Orioko herriaren historiari, ikusgarri eginez balea-arrantzak gurean izan duen garrantzia.

Aurreko astean hasi ziren errotondako konposizioa egiten eta aste honetan bukatuko dituzte lanak. Aurrena errotondako lurra mugitu dute eta, beheko planoan ikusten den bezala, menditxo batzuen forma eman diote. Menditxo horien aurrean  kokatuko da balearen hezurdura, Zarauztik autoan etorrita aurrez aurre ikusiko dena. Hezurdura zurez egina dago eta bost metrotik gorako altuera izango du punturik garaienean.

Balea-arrantza gogoan

XVI. mendean, urtero-urtero, udaberriarekin batera, Orioko eta inguruko portuetako 20-30 ontzi inguru abiatzen ziren balea-arrantzara gaur egun Kanadako lurra den Red Bay ingurura. Balea-arrantza jarduera garrantzitsua zen garai haietan eta, gaur egun ere, bizirik jarraitzen du oriotarron memorian; batez ere, 1901ean bertako arrantzaleek harrapatu zutelako gure kostaldean arrantzatu den azken balea. Baleak Orion izan duen eta oraindik daukan balio sinboliko horri erantzun nahi dio errotondan instalatzen ari diren konposizioak.

Konposizioaren osagaiak

Bi elementu hauek osatuko dute konposizioa:

  • Batetik, teila hautsien gaineko balea-hezurdura. Teilak Red Bay-ra urtero bidaiatzen zuten XVI. mendeko arrantzale haiek gogora ekartzeko jarriko dira. Balea-hezurdurak, berriz, 1901eko balea eta galtzeko arriskuan dagoen sardako balea irudikatuko du.
  • Bestetik, hezurren atzean, bost muino izango dira, Balearen bertsoek deskribatzen dituzten bost traineruak eta haiek gidatzen zituzten ‘mutil bizkor bikainak’ omentzeko.

Errotonda apaintzeko proposamena Enviser enpresarena da. Enviser arduratzen da, gaur egun, Orioko lorazaintza-zerbitzuaz eta, lehiaketara aurkezterakoan, hobekuntza gisa planteatu zuen errotonda apaintzea. Beraz, Enviserrek ordainduko ditu lan horren gastuak. Konposizioaren diseinua Ari arkitektura enpresa zarauztarrak egin du eta, diotenez, oriotarren kemenaren eta indarraren oroigarri izango da.

errotondakobaleaBI18

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.