elhuyar itzaultzaile automatikoaren logoa Itzulpen
automatikoa:
ES FR EN CA GL

Errepide-mozketak egingo dituzte larunbatean herrian

Maiatzaren 21ean, larunbatarekin, Zaragueta Herri Eskolak antolatutako XI. Kros Txikia egingo dute goizean, eta 10:30etik 12:30era zirkulazioan aldaketak eta trafiko-mozketa puntualak izango dira Hondartza bidean. Gainera, Abaromendi kaleko eta Hondartza bideko hainbat aparkaleku libre utzi beharko dira ostiraletik.

‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala proiektatuko dute ostiralean

Iñaki Peña sendagileak zuzendutako heriotzaren inguruko trilogiaren hirugarren atala da Mendian hil, hirian hil dokumentala. 2020ko Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen lana, eta maiatzaren 20an, ostiralarekin, Orion izango da ikusgai 19:00etan kultur etxean. Gonbitak eskuragai daude online zein kultur etxean.

San Nikolas kalea berrurbanizatzeko lanak ostiralean hasiko dituzte

San Nikolas kaleko lurpeko azpiegiturak berritzeko eta ur zikinak eta euri urak banatzeko lanak hasiko dituzte maiatzaren 20an, ostiralarekin. Gainera, etxeetako atarien eta saltokien irisgarritasuna hobetuko dute.

Zirkulazio-zerga helbideratuta duten herritarrek gaurtik aurrera jasoko dute etxean Aparkatzeko Udal Txartela

2022ko ekainaren 1ean jarriko da indarrean Orioko TAO sistema berria, eta herrian erroldatutako ibilgailuek gaurtik aurrera jasoko dute etxean Aparkatzeko Udal Txartela, zirkulazio-zerga helbideratuta baldin badute.

San Pedro jaiak antolatzeko lehen bilera irekia deitu du Udalak

Balearen Eguna igaro berritan, San Pedro jaiak lantzen hasiko da Udala eta, horretarako, lehen jai-batzordea deitu du maiatzaren 18an, asteazkenarekin. 19:30ean izango da bilera, kultur etxean.

Eskerrik asko, Orio!

Asteburuan ospatu dugun Balearen Egunak arnasa berria eman dio herriari. Poza, maitasuna, gozamena, elkartasuna… Halako berotasuna sentitu gabe geunden aspaldian, eta behar-beharrezko genuen indarra itzuli digu guztioi.

«Giselle» balleta ikustera Kursaalera joango diren oriotarrentzako doako autobusa izango da

Dantza Konpainia Nazionalak Giselle balletaren bertsio berritua aurkeztuko du maiatzaren 29an, igandearekin, Donostiako Kursaal aretoan. Saiora joan nahi duten oriotarrek autobusa doan izango dute. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta Zumaiatik datorren autobusa 18:10ean pasatuko da Orioko autobus geltokitik.

«Sargazoetatik Orioraino: aingiraren bidaia miresgarria» hitzaldiaren bideoa ikusgai dago

Errioaren inguruko hitzaldi-zikloa azken txanpan sartu zen asteazkenean, eta AZTI ikerketa zentroko ikertzaile eta Biologian doktore Esti Diaz izan zen Arraunetxen. Aurreko hiru saioetan historiaren ikuspegitik landu dute itsas ondarearen gaia, eta oraingoan, natura izan da abiapuntua.

Maiatzaren 16an zabalduko da udako kirol-jardueretan izena emateko epea

Udalaren laguntzarekin, kiroldegiko kudeatzaileek eta herriko eragileek kirol-eskaintza oparoa prestatu dute aurtengo udarako. BPXports, Orio Bate Bizkorrak, Orioko Futbol Elkartea, Orio Arraun Elkartea eta Orio Itsastresana Surf Kluba dira ikastaroen kudeatzaileak, eta 11 kirol-modalitate eskainiko dituzte. Izen-ematea maiatzaren 16an, astelehenarekin, zabalduko dute.

Herriko irisgarritasuna aztertzeko bigarren saio irekia egingo dute maiatzaren 19an

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, Orioren irisgarritasun-plan berria lantzen ari da Udala. Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, bilera irekiak egiten ari da azken asteetan, eta maiatzaren 19an, ostegunarekin, egingo dute bigarrena, udaletxean.

Herriko festetan barrakak, salmenta-postuak eta janari-postuak jartzeko baldintzak arautu ditu Udalak

2022ko San Pedro eta San Nikolas jaietan barrakak, salmenta-postuak eta janari-postuak jartzeko bete beharreko baldintzak arautu ditu Udalak: guneak, kopuruak, eskaerak egiteko epeak...

Turismo Bulegoa Aritzaga kalean izango da gaurtik aurrera

Gaur, maiatzak 11, Iturriaga Jauregitik Aritzaga kalera aldatu da Turismo Bulegoa. Bisitariengandik hurbilago egongo da aurrerantzean, eta irisgarriagoa izango da. Ohiko ordutegia izango du, eta ekainaren 13tik aurrera udako ordutegiarekin hasiko dira.