Abe05

19:00

Julen Alonso eta Oinkari dantza-taldearen «Sutan dantzan» ikuskizuna izango da kiroldegian abenduaren 5ean

Lekua: Karela kiroldegia

Antolatzailea: Orioko Udala

Traducción automática al castellano

Julen Alonso musikari oriotarrak eta Oinkari dantza-taldeak «Sutan dantzan» izeneko ikuskizuna eskainiko dute Orion abenduaren 5ean, larunbatarekin. Ikuskizuna 19:00etan izango da, Karela kiroldegian.

Ikuskizunerako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta dagoeneko erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

Julen Alonso trikitilari gaztea

Julen Alonso trikitilaria oso gaztea da —1996an jaio zen—, baina dagoeneko bide luzea du egina musikaren munduan. Oso gazterik sortu zitzaion musikarekiko grina eta urte asko eman ditu Euskal Herriko trikiti-txapelketetan parte hartzen; gehienetan Eneritz Aulestiarekin batera. Guztira 18 txapel irabazi eta trikiti-plaza asko egin eta gero, beste pauso bat ematea erabaki zuen 2018an eta disko bat kaleratu zuen bere kantu propioekin: «Sutan dantzan». Izenarekin keinu bat egin nahi izan zion «infernuko hauspoari», trikitiari.

Diskoa kaleratu eta berehala hasi zen zuzeneko emanaldiak ere eskaintzen Oinkari dantza-taldeko lagunekin. Emanaldi horietan diskoko kantak eta dantza uztartzen dituzte eta dagoeneko saio ugari egin dituzte Euskal Herrian barrena.

Julenek aurreneko aldia du Orion maila honetako emanaldi bat eskaintzen duela.

Emanaldian, Julen Alonsorekin batera, musikari hauek arituko dira: Eneritz Aulestia, Iker Telleria, Ander Ederra eta Joanes Ederra.

Dantzan, berriz, Oinkari dantza-taldeko kideak arituko dira. Oinkari 1975ean sortu zen Villabonan eta, beraz, 45 urte bete ditu aurten.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.