Albisteak
Itsas ondareari buruzko bisita gidatuak egingo dituzte udako larunbatetan
Bihar, uztailaren 2an, hasiko dituzte turismo-bulegoak antolatutako udako bisita gidatuak. 11:00etan turismo-bulegoaren paretik irtengo da gida, eta herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu ordubeteko saioan. Bisita doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da.
San Nikolas kaleko lanak eten egingo dituzte uztailaren 4ra arte
Gaur hasi eta ostegunera arte, ekainaren 28tik 30era, ospatuko dira San Pedro jaiak, eta ondorioz, San Nikolas kaleko lanak eten egingo dira datorren astelehenera arte, uztailak 4. Saneamendu-lanak bukatu dituzte dagoeneko, eta lurra berdintzea eta baldosak jartzea falta da.
Ikusgai daude kultur etxean bide-heziketako ikastaroko haurrek egindako marrazkiak
Udalak Orioko haurrentzako bide-heziketa ikastaroak antolatu zituen maiatzaren 2tik 31ra, eta guztira, herriko bi ikastetxeetako hirurehun bat haurrek hartu zuten parte. Ikastaroaren amaieran egindako marrazkiak ikusgai izango dira gaurtik ostegunera, ekainaren 27tik 30era, kultur etxean.
Txu-txu trenak ez du zerbitzurik emango gaur
Joan zen astean jarri zen martxan txu-txu trenaren zerbitzua, baina, ibilgailuak hots arraroak egiten dituela ikusita, azterketa teknikoa egingo diote gaur eta, ondorioz, ez du zerbitzurik emango.
Aurtengo Bisiguaren Festa uztailaren 15etik 17ra izango da
Gaur goizean aurkeztu dute uztailaren 15etik 17ra ospatuko den 13. Bisiguaren Festa. Agerraldia Herriko Plazan egin da eta bertan izan dira Anuska Esnal Orioko alkatea, Turismo-batzordeko Bakartxo Oliden burua eta Lourdes Salsamendi, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre batzordekideak, eta herriko zazpi parrilleroak: Katxina jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga, Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola, Sarasua erretegiko Joseba Etxezarreta, Orioko Barra jatetxeko Aratz Arregi, El Vaskito jatetxeko Iñaki Azkue, eta Euskal Parrilla jatetxeko Jose Ignacio Atorrasagasti. Parrilleroek, gainera, zuzenean erre dute bisigua ekitaldian.
Larunbatean egingo dute Orioko arraunlari beteranoen traineru-estropada
Arraunlari beteranoen La Salve ligako egutegiaren barruan, Orioko estropadaren zortzigarren edizioa egingo dute ekainaren 25ean, larunbatarekin. Badok13 arraunlari beteranoen elkarteak antolatutako proba da eta bi txandatan jokatuko da, 15:00etan hasita.