Albisteak
‘Nolako herria da Orio LGTBIQ+ pertsonentzat?’ hitzaldia, ostegunean kultur etxean
Orioko Ahalduntze Eskolaren udaberriko programaren barruan, Ehiera kooperatibako kide Kattalin Miner eta Iñigo Etxezarretak hitzaldia emango dute maiatzaren 26an, ostegunarekin. 18:00etan izango da kultur etxean, eta Nolako herria da Orio LGTBIQ+ pertsonentzat? galderari erantzungo diote bertan. Sarrera doakoa izango da.
Kukuarri Astea antolatu du Talai Mendi elkarteak maiatzaren 22tik 29ra
Urtero bezala, jarduera-sorta antolatu du Talai Mendi mendi-elkarteak maiatzaren bukaeran, Udalaren laguntzarekin. Aurtengoa 9. edizioa izango da, eta igandean hasiko dute programa, mendi-lasterketarekin. Mendi-irteera, gaztetxoentzako ikastaro eta probak, hitzaldiak eta hainbat kirol probatzeko hitzorduak nagusituko dira egitarau oparoan.
Ithaka taldeak bi kontzertu emango ditu bihar
Ithaka musika talde oriotarrak bi emanaldi egingo ditu bihar, maiatzak 20, Orioko Herri Ikastolaren 50. urteurrenaren harira. Lehen emanaldia ikastolako ikasleentzat izango da, 11:00etan, eta 20:00etan herritar guztiei zabaldutako bigarren kontzertua eskainiko dute Herriko Plazan.
Eskola-umeen literatur lehiaketaren sariak banatuko dira larunbatean
Udalak urtero antolatzen duen eskola-umeen literatur eta marrazki-lehiaketak 35. edizioa du aurtengoa, eta sariak banatzeko ekitaldia larunbatean egingo du Euskara batzordeak, maiatzak 21. Kultur etxean izango da ekitaldia, 13:00etan hasita, eta saria irabazi duten haur guztiek hartuko dute parte.
Errepide-mozketak egingo dituzte larunbatean herrian
Maiatzaren 21ean, larunbatarekin, Zaragueta Herri Eskolak antolatutako XI. Kros Txikia egingo dute goizean, eta 10:30etik 12:30era zirkulazioan aldaketak eta trafiko-mozketa puntualak izango dira Hondartza bidean. Gainera, Abaromendi kaleko eta Hondartza bideko hainbat aparkaleku libre utzi beharko dira ostiraletik.
‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala proiektatuko dute ostiralean
Iñaki Peña sendagileak zuzendutako heriotzaren inguruko trilogiaren hirugarren atala da Mendian hil, hirian hil dokumentala. 2020ko Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zuen lana, eta maiatzaren 20an, ostiralarekin, Orion izango da ikusgai 19:00etan kultur etxean. Gonbitak eskuragai daude online zein kultur etxean.