Albisteak
Mintzalagun programaren ikasturte hasierako ekitaldia izango da kultur etxean azaroaren 14an
2019-11-14
18:30
Orioko kultur etxea
Urola Kostako Udal Elkartea eta AEK
Apaxi ipuin-kontalari zarauztarrak beldurrezko ipuinak kontatuko ditu helduentzat, datorren ostegunean, azaroak 14, 18:30ean hasita. Emanaldia Mintzalagun programan parte hartzen dutenentzat ez ezik, irekia da agertu nahi duten guztientzat. Apaxiren saioa bukatu eta gero, pintxo batzuk jateko aukera izango dute bertaratzen direnek, mintzapraktika eginez.
Mintzalagun programaren aurtengo edizioa
Ikasturte berria hastearekin bat, martxan jarri da Urola Kostako Mintzalagun programa. Ikasturte honetako leloa hau da: “Praktikatu eta bizi, euskaraz egin eta euskaraz bizi".
Urrian egin da izen-ematea eta taldeak osatuta daude dagoeneko. 19 talde osatu dira (Zumaian 3, Orion 2 eta Zarautzen 14) eta, guztira, 80 pertsona ari dira euskara praktikatzen eskualdean.
Moilako hondakin-gunea Endaia plazara mugitu du Udalak
Gaur egindako zirkulazio-aldaketaren ondorioz, Udalak erabaki du moilako hondakin-gunea tokiz mugitzea eta Endaia plazan jartzea, planoan ikusi daitekeen bezala.
Endaia plazatik moilara sartzeko errebueltan tokia irabazteko hartu du Udalak erabaki hori, bestela toki justu samarra geratzen zen-eta bi noranzkotan autoak gurutzatzeko.
Barkatu eragozpenak.
Moilako zirkulazioa bi noranzkotan jarrita dago dagoeneko
Egun hauetako euriak atzeratu egin du lurreko markak eta seinalizazioa pintatzea, baina dagoeneko bukatuta daude pintaketa-lanak eta, beraz, Udalak aldatu berri du moilako zirkulazioa: aurrerantzean, bi noranzkotan izango da eta, beraz, moilatik pasatuko dira ibilgailuak bai herritik ateratzeko eta bai herrira sartzeko.
Herritarrei gogorarazten zaie moilatik barrena ateratzeko bidea N-634 errepideko zubiaren azpitik pasatzen dela eta, beraz, 2,40m baino altuago diren ibilgailuek ezin dutela hortik pasatu. Ibilgailu horiek, nahitaez, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute herritik ateratzeko.
Erregeen kabalgata antolatzeko bilera izango da asteazkenean
2019-11-13
19:00
Kultur etxea
Orioko Udala
Datorren azaroaren 13an, 19:00etan, Erregeen kabalgata antolatzeko bilera izango da kultur etxean, Orioko Udaleko Kultura Sailak deituta.
Herriko eragile eta herritar guztiak bertara hurbiltzera gonbidatzen ditugu, proposamenak planteatu eta aztertzeko eta, guztien artean, ekitaldi hori antolatzeko.
Orioko pobreziari buruzko txostena aurkeztuko du Udalak kultur etxean azaroaren 12an
2019-11-12
19:00
Kultur etxea
Orioko Udala
2018an, Orioko pobreziari buruzko azterketa egin zuen SIADECO Ikerketa Elkarteak, Udalaren enkarguz. Pobrezia, desberdintasunak eta gizarte-bazterketa aztertu zituzten Orion. Horretarako, gaiaren inguruan Europa osoan erabili ohi diren adierazleei buruzko informazio kuantitatiboa bildu zuen, inkesten bidez. Ondoren, metodologia kualitatiboak erabili zituen informazio hori osatzeko eta herriko informatzaile kualifikatuen azalpenak eta hausnarketak jasotzeko.
Egindako lana 'Pobrezia, desberdintasuna eta gizarte-bazterketa Orion' izeneko txostenean jaso zuen SIADECOk eta Udaleko Gizarte Ongizate batzordeari aurkeztu zion.
Gauzak ondo bidean, ostiral arratsalderako izango da berriz martxan kultur etxearen atzeko igogailua
Kultur etxearen atzeko igogailua matxuratuta egon da egun batzuetan eta gaur goizean hasi dira langileak konponketa-lanak egiten, behin beharrezko materialak iritsi direnean.
Gauzak ondo bidean, gaur eta bihar artean konponduko dute eta, beraz, ostiral arratsalderako erabilgarri izango da berriro igogailua.